Azaroaren 26an ospatuko dute aurten Arizmendiarrietaren Eguna. "Haren irudia gogoan izateko eta beraren lanak gaur egun ere balioa izaten jarraitzen duela adierazteko antolatzen dugu eguna", adierazi du Lourdes Idoiagak, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko presidenteak. Honen hitzetan, egun honetan inoiz baino presenteago dute Jose Maria Arizmendiarrietak esandako "Mundua ez zaigu eman kontenplatzeko, eraldatzeko baizik" esaldia: "Enpresak eraldatu zituen gizartea bera eraldateko. Kontestu horretan, bere legatua zabaltzeko eta gure ekintzak komunikatzeko balio digu egunak".
Hitzaldia eguna ospatzeko
Aipatutako komunikazio horretarako, urtero hizlariren bat ekartzen dutela dio elkarteko presidenteak: "Pertsona bat ekartzen dugu, eta horrek zer egiten dugun plazaratzeko aukera ematen digu, eta beste alde batetik, beste batzuk entzuteko aukera ere ematen du". Zentzu horretan, aurten, Arizmendiarrietaren Eguna ospatzeko, Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Perez Iglesiasek Kultura, oparotasuna eta demokrazia; zientzia bultzatzen duen hirukote bertutetsua hitzaldia egingo du. Gazteleraz egingo du hitzaldia, eta Arrasateko Goi Eskola Politeknikoan izango da, 18:30ean hasita. "Sailburua baino, niretzat, betidanik zientziaren munduan murgilduta egon den ikerlari bat da, oso apurtzailea gainera. Gu ere ez gaude zihur zer esan nahi duen izenburu horrekin, baina bere izaera kontutan hartuta, oso adierazgarria izango da", dio Idoiagak hitzaldiari buruz.