Arrasateko taldeko kapitain Irene Dolara pozik dago, hainbat hilabetez Mojategiko zelaia zapaldu ezinda egon ostean bihar ostera ere etxean jokatuko dutelako. "Joan den astean hasi ginen gure zelaian entrenatzen, eta zelai berri bat estreinatzen ibiliko bagina bezala gaude. Egia da errugbiko berdegunea ez dutela ukitu, iazko udan jarri zuten berria, baina atletismo pistekin batera argiteria ere aldatu egin dute, eta igarri egiten da. Bereziki gure zelaira bueltatu ahal izan garelako gaude jokalariok pozik, hilabete hauek nahiko xelebreak izan direlako, denboraldiaurretik hasita. Futbol zelaian ibili gara entrenatzen, futbol taldekoekin berdegune hori partekatu behar izan dugu, eta nahiko estu ibili gara denok. Eta etxeko partidu guztiak Eibarren jokatu ditugu". Horregatik, Dolarak zaleak zapatuko norgehiagokara gonbidatu ditu: "Etor daitezela animatzera; eta ez hori bakarrik: neska gazteak taldera gerturatzeko animatu nahi ditut, zabalik ditugu-eta ateak".
Bigarren dago Durango
Biharko (16:00) kontrario Durango bigarren dago sailkapenean, eta etxeko talde AGT-ERT, berriz, bosgarren. "Iaz oso denboraldi ona egin zuten durangarrek, eta, talde gaztea duten arren, harrobiko neska asko dituzte. Egia da, baita ere, jokalari aldetik zapatu honetan kopuru polita izango dugula; izan ere, aurreko partidu batzuetan gure jokalarietako batzuk Euskal Ligako taldeaz jokatzera joan dira, eta gu larri samar ibili izan gara".