Zapatuan banatu ziren Kutxa Fundazioak antolatutako 57. Donostia Literatura Sariak. Bertan, Arrasateko Udal Liburutegiko zuzendari Asun Agirianok Ibilbidearen Saria jaso zuen, Euskal Editoreen Elkarteak, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak eta Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkarteak osatutako epaimahaiaren erabakiz. Lau elkarteei eskerrak eman zizkien Agirianok, eta Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroen Profesionalen Euskal Elkartea ere gogoan izan zuen: "Liburu eta literaturaren hazitegirik balego, bost elkarte hauek bertan beharko lukete, toki egoki eta atsegin batean gainera, ez soto batean edo periferian. Hiri honetako uharte txikiak dira, letren ozeanoan flotagailuak".
Merezitako saria
Mariasun Landa idazleak eman zion saria, Donostiako Antzoki Zaharrean egindako ekitaldian. Hauen arteko harremanaren jatorria azaldu zuen idazleak: "Duela 30 urte ezagutu genuen elkar Sevillan, 22. IBBYren nazioarteko kongresuan, han bildu baikinen, lehen aldiz, haur liburuen inguruan interesaturik geunden euskal idazle, bibliotekari, ilustratzaile eta animatzaile batzuk. Eta Asun Agiriano hortxe zegoen". Sari honen merezimendua azpimarratu zuen amaitzeko: "Aitorpen hau eta gehiago merezi duela aldarrikatu nahi dut, bere lan isil eta emankorragatik".
Aitorpena sortzaile eta elkarteei
"Ofizio hoberik" ezingo zuela aurkitu adierazi zuen Agirianok bere hitzartzean, eta sariak indarra ematen diola lanean jarraitzeko: "Sari honek sekulako indarra ematen dit lanean kementsu jarraitzeko". Amaieran, jasotako txaloak eskaini zizkien baldintza prekarioetan dauden eta erakundeen aurrean "euren lana defendatu behar duten sortzaileei eta elkarteei".