Harriak Bira 2024 ekimenaren barruan, Bareback erakusketa aurkeztu dute gaur Kulturateko Klaustroan. Bertan izan dira Andoni Arratibel eta Eñaut Arriaran zinegotziak, hiru artista emakumeak eta erakusketaren bitartekaritzaz arduratu den Alazne Zubizarreta arrasatearra.
Elkarlana HARRIAK arte garaikide programaren baitan kokatzen da. 2016tik dago martxan eta Eremuak-en eta EAEko hainbat kultur etxeren lankidetzari esker gauzatzen da, gorabidean datozen artista eta bitartekariei plaza eskaintzeko helburuarekin.
Arantza Elejabeitiak hiri-paisaiaren argazkiak ateratzen ditu, "nagusi diren kanon estetikoetan eta inposatutako identitateetan sakonduz: leku itsusietako argazkiak, edozein leku izan daitezkeen tokiak".
Xara Agirreren obra marrazki eta objektuetan zentratzen da, paisaiatik abiatzen diren materialen arteko tolesturetan oinarrituta.
Idoia Leache, ostera, eskulturaren alorrean trebatu da: "Gorputzaren eta eskulturaren arteko harremanari eta elkarrizketari erreparatzen saiatzen da, eta muturrera eramaten, inork gehiago jasan ezin duen arte".