Ointxe!-klubak arratsaldean bidalitako oharrean adierazi du Carlos Diaz sevilarrak ez duela LF2 Ligako taldea zuzentzen jarraituko. Bere etorreratik, teknikariak Euskal Kopako eta Emakumezkoen Liga 2ko zazpi jardunaldi zuzendu ditu –bost partidu galdu dituzte ligan, eta bi irabazi–. Hala, klubetik adierazi dutenez erabaki adostua izan da, eta ondorioz, Carlos Diazek amaiera eman dio Ointxe! Saskibaloia taldeko emakumezkoen lehen taldearen gidaritzari. "Klubetik eskerrak eman nahi dizkiogu bere lanagatik, profesionaltasunagatik eta erakutsitako jardun ezin hobeagatik, eta bi hilabete baino gehiagotan klub honen parte izan den bitartean egindako guztia eskertu nahi dugu. Etorkizunean, arlo pertsonal eta profesional guztietan zorte onena opa diogu", azaldu dute zuzendaritzatik.
David Peña, entrenatzaile berria
David Peña gasteiztarrak hartuko du orain Mondragon Unibertsitatearen LF2ko taldearen ardura. Mondragon Unibertsitatearen EBAko bigarren entrenatzaile eta Euskal ligako junior kategoriako lehen entrenatzailea da mutiletan. Aurreko denboraldian entrenatzaile onenaren saria eman zioten. Euskadiko alebin mutilen hautatzailea da eta Ointxe!-ko saski eskolako eta harrobiko arduradunetako bat.