Iaz, 40. urteurrenaren harira gonbidatu zituen AED elkarteak Gotzon Barandiaran idazlea eta Rafa Rueda musikaria, saio musikatua aurkez zezaten. Interes handiarekin bertaratu ziren hainbat lagun, eta, haien eskariz, jarraipena izango du tailerrak. Izan ere, gogoetaz betetako liburua –Hitzen ahairea saiakera– eta 100 kantu baino gehiagoko bilduma daukate osatuta bi sortzaileek. "Hortaz, tailerrak oso moldagarriak dira, eta egokia iruditu zitzaigun beste bi saio antolatzea; hartara, kantagintzaren funtzio sozialaz edota transmisioaren garrantziaz jardungo dugu, patxadaz", azaldu du AEDko Itxaro Artolak.
Sakontzeko formakuntza
Ruedak zenbait abeslari eta musika talderen abestiak joko ditu gitarrarekin, eta Barandiaranek edukiz jantziko ditu. Modu horretan azalduko dute euskal musikarien eta idazleen arteko harremana eta euskaldunen iruditegi kolektiboan dauden kantuen jatorria. "Izan ere, askotan egiten ditugu kantuen irakurketak jatorrizko testuingurua jakin gabe; beraz, interesgarria da testu horien alde historiko, soziologiko eta literarioa ezagutzea", adierazi du.
Tailerra "euskara eta euskal kultura maite dituen orori" dago zuzenduta, eta, bereziki, haien transmisioan diharduten irakasle, guraso, musikari eta historialariei. Azaroaren 28rako eta abenduaren 12rako 18:00etatik 20:00etara egin dute hitzordua, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan. Izena emateko AEDra jo daiteke, azaroaren 25a baino lehen. Tailerrean parte hartzeko prezioa 30 euro da, eta AEDko bazkide izanez gero, 27 euro.