Euskal liburugintzaren alde egindako ibilbideagatik sarituko dute Asun Agiriano. Erabaki hori hartu du euskal liburugintzaren sektorea ordezkatzen duten lau elkartetako kideek osatutako epaimahaiak –Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE) eta Galtzagorri, Euskal Haur eta Gazte Literatura elkartea–.
Agirianok "pozik eta urduri" dagoela adierazi du, eta taldeari egindako aitortza bezala ikusten du errekonozimendua: "Udal Liburutegian egiten dugun lan itxuraz isila saritzen dutela iruditzen zait. Urteotan asko igarri dut lankideen hauspoa eta konturatu naiz bidelagunak zaintzea oso garrantzitsua dela. Ekipo on baten parte sentitzen naiz, eta argi daukat bakarrik ezingo nukeela halako errekonozimendurik jaso".
Agiriano irakurketaren sustapenean eta haur eta gazte literaturan nabarmendu da. Haren argitalpenik berriena Atzamarra album ilustratua da, 2022koa. Oraindik emateko asko duela aipatu du: "Neure burua gazte ikusten dut-eta".