Arrasateko Udaleko Gizarte Zerbitzuek, 2023az geroztik, adikzioak dituzten pertsonen senideei zuzendutako laguntza talde bat dauka, Ediren Osasun Kooperatibak aurrera eramaten duena. Taldean parte hartzen duten pertsonak hamabostean behin elkartzen dira Kulturaten, baina harago joan nahi dute.
Hori dela eta, herritar gehiagorengana iritsi eta gai horien inguruan sentsibilizatu eta informatzeko asmoz, Katearen Loturak elkarteak, Ediren Osasun Kooperatibak eta Arrasateko Udalak, buru osasunaren inguruko hitzaldi sorta bat antolatu dute.
Lehenengo bi hitzaldiak honako hauek dira:
- Azaroak 27, eguaztena: Adikzioak eta patologia duala.
- Abenduak 18, eguaztena: Psikofarmakoak, tratamendu bakarra al dira?.
Hitzaldiak 18:00etatik 20:00etara izango dira Kulturaten eta Enrique Saracho psikiatra, psikoterapeuta eta psikodramatistak emango ditu. Urtarriletik aurrera, hilean behin egingo dituzten hitzaldietan, honako gai hauek landuko dituzte, besteak beste: familiaren lekua, nork zaintzan du zaintzailea?; gaixotasun mental kronikoa duen pertsona batekin bizitzea; mundu psikotikora bidaia; eta depresioa eta dolua.