Hurrengo ostiralean, hilaren 15ean, beteko dira 46 urte Guardia Zibilaren bala galdu batek Emilia Larrea hil zuenetik. Arrasateko Udalak biktima gisa aitortu du gaur, udaletxeko Areto Nagusian egin den ekitaldi batean. Arrasate Musikalak zabaldu du aitortza ekitaldia, Txoriak txori interpretatuta. Jarraian, Larrearen familiakoek hartu dute hitza eta Emilia izan dute gogoan. Maider Morras Arrasateko alkateak ere hitz egin du, instituzioetatik biktimak aitortzearen garrantzia azpimarratuz. Azaroaren 10aren harira egin dute ekitaldia, gaur baita Memoriaren Nazioarteko Eguna.
Hil zutenean 52 urte zituen Larreak. Eskoriatzakoa zen arren, Arrasateko Larrea baserrian bizi zen, hiru seme eta senarrarekin. Hain zuzen, etxeko atarian zegoen 1978ko azaroaren 15ean, Jesus Murgiondo semea eta Crescencia Vidaurreta auzokidearekin eta haren alabarekin batera, baserritik tiro hotsak entzuten hasi zirenean. Atzera aurrera hasi zen Emilia, tiroek lanetik bueltan zetorren Inaxio seme zaharrena harrapatuko zuten kezkaz. Baserritik metro gutxira gertatu zen tiroketa batetik zetozen tiroak.
Egun horretan bertan, arratsaldez, Komando Autonomo Antikapitalistetako kideek Aretxabaletako kuartela metrailatu zuten. Kaleko jantzita zihoazen hainbat agentek Arrasateraino jarraitu zituzten, eta tiro egin zieten: kideetako bi hil zituzten eta beste kide bat eta bi oinezko zauritu zituzten. Hiru minutu igarota, Arrasateko hainbat guardia zibil agertu ziren bertara, baina uniformerik gabeko guardia zibilak ezagutu ez eta tiro egin zieten. Balek ez zituzten guardia zibilak jo, bai, ordea, baserriko atarian zegoen Emilia Larrea. Lepoan jo zuen bala batek, eta bertan hil zen. Crescencia Vidaurreta auzokidea ere jo zuen beste bala batek izterrean.
Ikerketarik ez
Egun hartatik egunak eta urteak igaro arren, ez zen gertakaria ikertu. Hala ere, herritarrek haserre erantzun zuten: manifestazioak eta grebak egon ziren Arrasaten egitate haren harira. Familiak indarkeriaren biktimatzat onartzeko eskaria egin zuen Indarkeriaren Biktimen Legearen babesean, baina Espainiako Barne Ministerioak ukatu egin zuen eskaria. Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordeak, ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuaren esparruan, biktima-izaera onartu die bai Emilia Larreari, bai Crescencia Vidaurretari.
Arrasateko Udalak 2016an hasi zuen indarkeriaren biktima izan edo giza eskubideen urraketak jasan zituzten Arrasatearrei aitortza egiteko prozesua. Urtero aitortza egiten diote herritar bati, eta testuinguru horretan antolatu dute gaurko ekitaldia ere.