43 urteko gizonezko bat atxilotu zuten asteazkenean Arrasaten, Californiatik (AEB) 700g marihuanarekin zetorren pakete bat Correoseko bulegoan jasotzea egotzita. Kalamua zeukan paketea Barajasko aireportuan (Madril) atzeman zuten, baina haren hartzailearengana iritsi zedin utzi zion Guardia Zibilak, paketea eskatu zuen pertsona aurkitzeko. Asteazkenean joan zen Arrasateko gizonezkoa Correos-eko bulegora, paketea hartzera, eta bertan atxilotu zuen Guardia Zibilak.
Atxilotu ondoren, haren etxea erregistratu zuen poliziak, eta bertan marihuana kukuluen 500 gramo, beste horrenbeste haxix eta CBD erako kalamuarekin betetako 62 poto aurkitu zituen, baita horiek neurtzeko bi doitasun-balantza ere.