Arrasateko Irati tabernan mugimendua zegoen bariku arratsaldean. Izan ere, 18:30etan hitzordua jarri zuen bertan Arrasateko Bilgune Feministak, azaroaren 16an Laudion egingo diren "Emakume* Abertzaleon X. Topaketa Feministak" aurkezteko. Topaketen nondik norakoak azaltzeaz gain, irudimen ariketa bat egitea ere proposatu zieten parte hartzaileei antolatzaileek.
"Laudioko topaketen helburua da ariketa kolektibo bat egitea, egungo testuinguru sozial, ekonomiko eta politikoa ulertuta, etorkizun desiragarriago bat marrazten hasteko", azaldu du Lierni Etxebarria Arrasateko Bilgune Feministako kideak. Topaketetan egingo dituzten proposamenak "orainaldia berrituz etorkizun desiragarriago bat eraikitzera" bideratuko dituzte, Etxebarriaren esanetan.
Irudimen ariketa horri hasiera eman zioten atzo Arrasaten egin zuten aurkezpenean. 15 lagun inguru elkartu ziren, eta Laudioko topaketak aurkezteaz gain, irudimenari ateak zabaldu zizkioten: "Hasi gara nahi dugun Euskal Herri feminista hori ezaugarritu eta marrazten; egun ditugun problematika edo hutsuneetatik abiatuta". Etxebarriak aurkezpenaren balorazio "positiboa" egin du: "Espazio erosoak sortu ziren guztiok parte hartzeko, eta ideia interesgarriak atera ziren, Laudion esparruz esparru garatzen joango direnak".
Bi urtean behin antolatzen ditu Euskal Herriko Mugimendu Feministak Laudion egingo dituzten topaketa horiek, "estrategia birpentsatu eta sakontzeko", baita "egoeraren analisia" egiteko ere, Etxebarriaren hitzetan.