Arrasateko EAJk aurrekontu parte-hartzaileak berriz martxan jartzea eskatu du. "Joan den agintaldian, urtero 250.000 Udalak euro bideratzen zituen herritarrek aukeratutako proiektuetarako, eta horri esker Txiki Txokoa gunea sortu, Pump Track gunea sortu, bizikletentzako garbiketa espazioak eraiki, Jose Luis Iñarra berritu, Zigarrolako begiratokia egin edota bidegorrian komunak ezarri ziren, besteak beste", nabarmendu dute.
Jeltzaleen ustez, inbertsio horiek ez dute bakarrik azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzen lagundu, "baizik eta Udalaren eta herritarren arteko harremana indartu dute, erantzukizun partekatua eta udal erabakietan inplikazioa sustatuz". Horregatik, 2025ean prozesua abiatzeko eskatu diote Udal Gobernuari. "Udal aurrekontuak azken urteotan hazi egin dira, eta uste dugu partida honek hazkunde hori islatu behar duela". Horregatik, partaidetza aurrekontuetarako urtero 400.000 euro bideratzea proposatu dute.
Horrekin batera, auzo bakoitzean bilera irekiak antolatzea proposatu dute, "prozesuaren eragina handitzeko neurri osagarri gisa, herritarrek haien kezkak eta proiektu proposamenak modu zuzenean aurkeztu ahal izan ditzaten".
Postontziak puntu estrategikoetan
Zarautzen ereduan oinarrituta, jeltzaleek Arrasateko puntu estrategikoetan postontziak ezartzea ere proposatu dute, herritarrek proposamenak "modu errazean eta zuzenean" Udalari bidaltzeko aukera izan dezaten. "Bizilagun guztiei ahotsa eman nahi diegu, bereziki bileretara joan ezin diren baina Arrasate hobe bat eraikitzeko gogoa duten horiei", azaldu dute.