Azaroaren 16an hasiko dira Jostailu Truke Merkaturako bilketa egiten

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko aza. 8a, 10:17

Jostailu Truke Merkatua, duela bi urte.

21 urte beteko ditu aurten Txatxilipurdik Gabonak aurretik egiten duen Jostailu Truke Merkatuak. Hala, datorren astean hasiko dira jostailuak biltzen, eta abenduaren 14an egingo dute azoka, Biteri plazan.

Txatxilipurdi Elkarteko kideak azaroaren 16an hasiko dira Jostailu Truke Merkaturako jostailuak batzen. "Osorik eta egoera onean egon beharko dira, parte hartuko duen edonori jasotzea gustatuko litzaiokeen bezala", azaldu dute.

Honako egun eta guneetan batuko dituzte jostailuak:

  • Azaroak 16, Arimazubi plazan.
  • Azaroak 21, Arimazubi plazan.
  • Azaroak 22, Usaetxe plazan.
  • Azaroak 28, Biteri plazan.
  • Azaroak 29, Biteri plazan.
  • Azaroak 30, Biteri plazan.
  • Abenduak 2 eta 3, Santa Marinako ludotekan.
  • Abenduak 10, Euskal Herria plazan.

Ordutegiari dagokionez, aste barruan 17:00etatik 18:30era jasoko dituzte eta zapatuetan, berriz, 12:00etatik 13:30era. Ordutegi horietan jostailuak eraman ezin dituztenentzat, 12:00etatik 13:30era Txatxilipurdiko bulegora eramateko aukera egongo da aipaturiko egunetan.

Txatxilipurdiko balioei jarraiki, indarkeria sustatzen duten jostailuak ez dituzte onartuko, ezta jarrera sexista erakusten dutenak ere. "Berdintasunari eta tratu onei, beste hainbat balioen artean, garrantzi handia ematen diegi. Jostailu guztiek balio bera izango dute eta horien truke txartelak banatuko ditugu jostailuak jasotzeko puntuetan. Zenbat jostailu, hainbat txartel.

Azoka abenduaren 14an

Abenduaren 14an egingo dute azoka eta, txartelen truke jostailuak jasotzeaz gain, berrerabilpena sustatuz, Gabonetako apaingarri eta jostailuak sortzeko tailerra egongo da. "Gabon garaian jostailuak erosi beharrean, trukatuz, jostailu ezberdinak lortzeko aukera paregabea da. Etxean erabiltzen ez diren jostailuak beste batzuengatik trukatu eta egin jolas! Familian, lagun artean, bakarka... parte hartu eta gozatu!", adierazi dute antolatzaileek.

Funtzionamenduri dagokionez, lehen orduan –11:30etik 12:30era–, koloredun bi txartelen truke bi jostailu aukeratu ahal izango dira. Bigarren orduan, aldiz, 12:30etik 13:30era, zuri-beltzeko txartelen truke dagozkion jostailuak hartu ahal izango dira. "Modu honetan parte hartzaile guztiek izango dute aukera zabala lehen bi jostailuak aukeratzeko".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak