Maila Nazionalean ari den Mondrate areto futbol taldeak ondo hasi du denboraldia. Izan ere, lau partidu irabazi ditu eta bi galdu. Hala, sailkapenean laugarren postuan dago, hamabi punturekin, eta domekan Albardero-Rivabellosa taldearen kontra kanpoan jokatuko duten zazpigarren jardunaldian garaipenaren bila joango dira arrasatearrak.
Aitor Cortizar basauriarra ari da taldea gidatzen, eta bigarren entrenatzaile gisa Arkaitz Ribera eskoriatzarra ari da; batez ere, estrategiak zehazten eta jokalariekin lotura-lanak egiten dihardu Riberak, eta adierazi du asmo handiak dituztela denboraldi honetarako. "Gure helburua liga irabaztea da. Iaz, play-off-erako sailkatu ginen eta ezin izan genuen aurrera egin. Aurten, aldatu egin dute mailaz igotzeko modua, eta lehenengo postua eskuratzen duena zuzenean igotzen da Bigarren B Mailara. Hori da gure helburua, eta, lortzeko, erregulartasuna lortzea izango da gakoa", azaldu du Arkaitz Riberak, Mondrateko bigarren entrenatzaileak.
Bi porrot, ondo jokatuta
Gernikaren aurka galdu zuten lehen partidua, eta bigarrena, berriz, Antiguoko taldearen aurka. "Maritxu Egunaren ostean jokatu genuen bat, eta ez dago azaldu beharrik zer gertatu zen... Bigarrena, berriz, Antiguokoren aurkakoa izan zen; 3-4 galdu genuen. Gure aurkari zuzenak dira, eta goiko postuetan egoteko aukera asko dituzte. Gutxigatik galdu genuen; nire ustez, berdinketa edo garaipena merezi genuen", dio Riberak.
Etxetik kanpora jokatuko du Mondratek hurrengo partidua, domekan
Talde gaztea eta berria
Iazko denboraldiarekin alderatuz jende berria eta gaztea dagoela azpimarratu du Riberak, eta kalitate handiko jokalariak dituztela nabarmendu: "Iazko taldea baino hobea dugula esango nuke. Ondo jokatzen dugu areto futbolean, baina ez dugu punteriarik. Gol onak sartu ditugu, baina zoriz sartutakoak gutxi; aspektu horretan komeni zaigu hobetzea".
Futbol eskola, gainezka
Lehenengo taldeaz gain, Hirugarren Mailatik behera kategoria guztietan ditu taldeak Mondratek, eta areto futboleko eskola antolatu du. 2013 eta 2016 artean jaiotako gazteak gonbidatu dituzte kirola probatzera. Eskola egubakoitzetan egiten dute, Musakolako kiroldegian, 17:00etatik 18:30era. "Interesdun asko dago eta ateak zabalik ditugu. Hala ere, baliabide gehiago beharko genituzke datozen guztiak mantentzeko".