Komunikazio-teknologia aurreratuei eta zibersegutasunari loturiko laborategi bat inauguratu du Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak, "prestakuntza teknologikoa bultzatzeko eta industriarekiko lankidetza" sustatzeko. Erreferentziazko gune izan nahi du unibertsitateko ikasleen prestakuntzarako zein enpresa-ekitaldiak egiteko, eta, horretarako, Cisco enpresaren "azken teknologiez hornitu" dute, Ikusi eta Sernivel 3 enpresekin –alegia, Ciscoren Euskadiko partner ofizialekin– garatu baitute proiektua lankidetzan.
Laborategiaren funtzionamenduari dagokionez, sustatzaileek azaldu dute "agenda dinamikoa" izango duela, eta, horrenbestez, hainbat jarduera antolatuko dituztela unibertsitatea eta enpresak lotzeko. "4.0 industriarako bideratutako ekitaldi teknikoak egingo dira sei hilean behin, eta horietan Ciscoko adituek hartuko dute parte, adimen artifizialari eta punta-puntako antzeko teknologiei buruzko hitzaldiak eginez". Aldi berean, hiru hilean behin, mahai inguruak eta networking ekitaldiak egiteko asmoa dute sektoreko profesionalekin.
Laborategia, apustu "estrategikoa"
Mondragon Unibertsitatearen hitzetan, "apustu estrategiko handia" da laborategi hau martxan jartzea: "Batetik, punta-puntako teknologietan trebatutako profesionalak sortzeko gaitasuna indartu ahal izango du; eta bestetik, Euskadiko enpresa-sarearekiko lotura hobetu. Gune berriarekin, berrikuntza teknologikoko erreferente-izaera sendotu nahi du unibertsitateak. Ildo beretik, funtsezko bazkide bilakatu nahi du industria prozesuetan zibersegurtasuneko, komunikazio-sareetako eta IoT arloko irtenbiderik berrienak erabili nahi dituzten enpresentzat".