Palestinan gertatzen ari denaz kontzientziazioa pizteko eta gaia ikusarazteko helburua du Sanitarioak Palestinarekin elkarteak eta, izenak dioen moduan, osasun langileek osatzen dute. "Gasteizen egin genuen halako kontzertu bat eta Arrasaten ere antolatzea erabaki dugu, badakigulako Palestinari beti elkartasun handia erakutsi izan dion herria dela", azaldu du Eli Condek, elkarteko kideak.
Oihu bat Arrasatetik Palestinara izenpean egingo dute emanaldia. "Kontzertu solidario bat izango da. Batetik, gure elkartea ezagutarazteko eta, bestetik, gure energia eta behar handiena bidaltzeko infernuan daudenei. Israel inpunitate osoz genozidioa burutzen ari da eta gu ez gara isilik geratuko; alderantziz, oihu egingo dugu, aski dela esateko. Beraz, herritarrak animatzen ditugu kontzertura etorri eta gure oihua ozenagoa izan dadin laguntzen", nabarmendu du elkarteko kide Oihana Plazak.
Debagoieneko hainbat talde ariko dira oholtzan: El Volquete, The Clayton, Trumans, Etxepe eta DMT (Denso, Mutiko eta Tatta). Horrekin batera, Andere Arriolabengoa bertsolari aramaioarra ere ariko da, irrintzilariekin batera, eta "bestelako ekintza batzuk" ere egongo dira, Plazak aurreratu duenez. "Txosna bat ere jarriko dugu eta taldeko merchandisinga ere salgai egongo da", gehitu du. Eguraldi euritsua egiten badu, Kulturolako arkupean egingo dute emanaldia.
Trumans taldeko abeslari eta antolakuntza taldeko kide Cristian Coellok zera aldarrikatu du: "Musikarion arma musika da eta hori erabiliko dugu Israel egiten ari dena salatzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko".
Ekarpenak egin daitezke dagoeneko
Sarrera hamar euro izango da, eta momentuan bertan erosi beharko da. Edozelan ere, dagoeneko ekarpenak egin daitezke Maitia dendan eta Irati tabernan, "zero lerroko" ekarpenak, hain zuzen, hamar euro ordainduta. "Kontzertura joaterik ez duenak, modu horretara lagundu dezake", adierazi du Condek. "Batutako dirua Palestinara bideratuko dugu, UNRWA agentziaren bitartez. Egoera zein den ikusita, Palestinari laguntzeko modu errazena da", gaineratu du.
Oholtza gainean ez da ariko emakume musikaririk, baina Coellok "argi" utzi gura izan du horretarako saiakera egin dutela. "Horietako askok bat egin dute ekimenarekin, baina egun horretan jotzeko arazoak zituzten. Edozelan ere, emakume askok ikusten ez den lan handia egin dute kontzertu hau antolatzeko, eta hori ere nabarmendu gura dugu".