'Barazkijalea' eleberriaren itzulpena, Jokin Zaitegi sariketako lana

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko aza. 4a, 11:53

Han Kang idazlea. Irudia: Nobel Prize.

Arrasateko AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, eta helburu du literatura unibertsala euskaratzea, urteko Literaturako Nobel saria irabazitako idazlearen lan bat itzulita.

Han Kang idazle hegokorearrak eskuratu du aurten Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi sariketaren aurtengo helburua, horrenbestez, idazlearen Barazkijalea eleberria itzultzea izango da. Horretarako, bakarka nahiz taldean eman daiteke izena, eta parte-hartzaileek antolatzaileek proposatutako eleberriaren lagin bat euskaratu beharko dute, eginiko lana AED elkartera helarazita: aed@aedelkartea.eus helbidera. Batetik, itzulpena aurkeztu behar da, ezizen batekin sinatuta; eta bestetik, ezizen horren atzean dagoen itzultzailea nor den azaltzen duen testua. Azken eguna abenduaren 31 izango da.

Itzuli beharreko jatorrizko laginari dagokionez, antolatzaileen esanetan, "kontuan izanik gutxi direla koreeratik zuzenean eskuratzeko gauza direnak", gaztelaniazko eta frantsesezko bertsioak ere eskainiko dituzte, baina "zubi-hizkuntza" gehiago ere erabili ditzake parte-hartzaileak, norbere nahien eta gaitasunen arabera.

Epaimahaiaren erabakia

Xabier Etxeberriak, Joannes Jauregik eta Leire Vargasek osatuko dute epaimahaia, eta jasotako itzulpenen artean irabazle bat hautatuko dute 2025eko urtarrila amaitu baino lehenago. Irabazleak 5.000 euroko saria irabaziko du Barazkijalea itzultzeko, eta lana irailaren 30a baino lehenago entregatu beharko du. Hala ere, aurkeztutako lanek "aski kalitaterik" ez balute, saria hutsik utzi ahalko da, eta, horrenbestez, antolatzaileek itzulpena enkarguz eskatzeko aukera izango dute.

Hemen dituzue xehetasun gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak