Balio handiko garaipena Mondragon Unibertsitatearentzat (77-68)

Hasier Larrea 2024ko aza. 2a, 20:49

Galdakaoko Ibaizabalen aurka jokatu du gaur MUk Iturripen. Hasiera indartsuari esker partidua kontrolpean eduki ahal izan dute Carlos Diazen jokalariek, eta azken minutuetan sufrituta ere, etxean bigarren garaipena erreskadan lortu dute.

LF2 liga gogorrari neurria hartzen ari zaio marea morea. Bostetik bi garaipen poltsikoratu dituzte dagoeneko. Gaurko aurkariak lautik lau porrot pilatuta egin die bisita eta berebizikoa zen, morala altu mantentzeko, Iturripen duela bi aste Andratxen aurka lortutako garaipenari jarraipena ematea gaur.

Ausart eta gogor sartu dira partiduan Arrasatekoak, erritmo biziarekin jokatuz, bai erasoan eta bai defentsan. Erritmo altu horrek baldintzatuta bizkaitarrek ez dute asmatu jaurtiketetan eta horrek konfiantza eman dio MUri baloia nahi bezala mugitzeko.

Bigarren laurdena 20-8ko markagailuarekin hasi dute, eta alde hori mantentzeko gai izan dira laugarren laurdenera arte, gorabeherekin. Izan ere, minutuak aurrera joan ahala intentsitatea jaitsi dute etxekoek, erraztasun handiagoarekin utzi diete aurkariei saskiratzen, baina larritu barik, kontzentratuta jarraitu dute erasoan, seriotasunez.

Azken minutuetan gora etorri dira bisitariak, sinistu egin dute berdinketan. Urduritasun puntu bat igarri zaio Ointxe!-ri. Gainera, kolpea hartu du fin jokatzen zebilen Bentancourtek. Eskerrak ez den ezer larririk gertatu. Taldeak gehien behar zuenean itzuli da kantxara, 66-62 zeudenean. Bi jokalditan bost puntu sartu eta arnasa eman die taldekideei. Minutu pare bat geratzen ziren partidua bukatzeko, eta azken segundoetan sufritu barik egin ahal izan diete aurre galdakoztarrei.

Garaipen baltsamikoa izan da, ezbairik gabe. Datorren asteburuan Mataró-n, Bartzelonan, saiatuko dira etxetik kanpo lehen aldiz irabazten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak