Debut egunean bezala, Uarkapeko harmailek orro egin dute Ander Muruak tantoa bukatzen zuen bakoitzean. Ondo sartu da partiduan, aurretik, baina berehala harrapatu du iruindarrak, eskarmentu handiko pilotaria izanik, eta hark markatu du erritmoa gehien bat. 12-5 eta 16-9 aurreratu da gorria baina etxekoa ez da une bakar batean kikildu. Sakean min egiten asmatu du eta emozioa jarri dio neurketari, hiru tantora hurbilduta: 15-18.
Orduan Agirrek aldageletarako bidea hartu du, hanka batetik erdi herrenka. 10. tantotik zebilen giharreko arazoekin eta ez jarraitzea erabaki du. Punturik onenean zegoen partida, Murua atzetik aurrerako bidea egiten Agirreri lau tanto bakarrik geratzen zitzaizkionean, baina halabeharrez erretiroa hartu duenez, garaipena Muruarentzat izan da, gustatuko litzaiokeen moduan izan ez bada ere.
Finalaurdenetako ligaxkako bi onenak sailkatu dira finalaurrekora: Muruaren multzoan, Larrazabal eta Agirre bera. Murua hirugarren geratu da eta Exposito laugarren. Hortaz, ikusi beharko da Agirre datorren asteburuan kanporaketa jokatzeko prest egongo ote den. Hala ez balitz, Ander Muruak izango du finalean sailkatzeko aukera.
Txapelketa nagusikoan, Peña irabazle
Hurrengo norgehiagokan puntako bi pilotari aurrez aurre ikusteko parada izan dute zaleek: Jon Ander Peña eta Peio Etxeberria. Haien artean ez zegoen ezer jokoan, Peña kanporatua izan delako eta Etxeberria finalaurrekoetara sailkatuta zegoelako. Beraz, ohi baino lasaiago kantxaratu dira eta ikuskizun polita eman dute. Peña Etxeberria baino arinago mugitu da frontoian eta horrek asko lagundu dio 22rako bidea hartzeko. Bederatzi tantogatik irabazi du.