Futbol Eskolan 13 talde, eta hortik gora kategoria bakoitzean beste hiru gutxienez, Mondrako familia hazten eta hazten doa urtetik urtera. Denboraldian zehar bakoitzak bere aldetik entrenatzen du, baina gaur denak elkartu dira etxean, Mojategiko futbol zelaian, partiduetako uniformea jantzita, talde-argazkiak ateratzeko.
Xabi Etxeberria presidentearentzat ariketa berezia izaten da urtero egiten duten hori: "Oroitzapen bat edukitzeko egiten dugu; batzuk 10 urte daramatzate, beste batzuek 5, beste batzuentzat lehenengo urtea da hau. Denboraldi bakoitzeko argazkien errepasoa egiterakoan, jokalari bakoitzaren ibilbide historikoa jakin dezakegu, txikienetatik hasi eta nagusietara arte. Gauza polita da".
Jokalari ia denak arrasatearrak izateari ere eman dio garrantzia: "Gizonezko senior A mailan hiru fitxaketa egin ditugu, gipuzkoarrak, baina gainontzeko jokalari guztiak herrikideak dira, kategoriaz kategoria. Gure ilusioa da neska-mutilak txikitatik egotea gurekin, eta haien ibilbidea zaintzea".