Kalitate handiko zuzenekoek hartuko dute, beste hilabete batez, Arrasateko gaztetxeko oholtza, ostegunero, 22:00etan, Kooltur Ekintza eragileak antolatuta.
Hilaren 7an, Bartzelonako punkaren erreferenteetakoak diren La Inquisicionek girotuko du gaua. Hirugarren lan luzea aurkeztera etorriko dira: Mundo invisible. "Hitz eta doinu gogor, indartsu, ilun eta biziak plazaratzeagatik dira ezagunak, eta haien oihartzuna Europako eta Hego Amerikako herrialdeetaraino heldu da", adierazi du antolatzaile taldeko Iker Barandiaranek.
Azaroko menuaren bigarren platera ere punkaren uhinetan mugitzen da, baina doinu akustikoagoetan. Old Time Spooks duela pare bat urte sortu zen, Gasteizen, eta Ipar Amerikako Appalache mendietako musika-moldeetan oinarritzen da haren proposamena, hala nola hango hillbilly estiloan eta tresna folklorikoetan.
Beleren txanda izango da hilaren 21ean. Liher taldeko Lide Hernando abeslariaren talde berria da Bele. Rocka apur bat alboratuta, soulean, musika beltzean eta bestelako estilo urbanoagoetan murgiltzen da; betiere, haren ahots ikaragarria lagun.
Egitaraua Oiongo Eh Mertxe! rock-and-roll talde "zitalak" borobilduko du. "Eszenatokiaren gainean eta beste kontzertu batzuetako lehen lerroetan sinpatia transmititzen duen banda da, dantzatzeko gogoa ematen duen estribillo melodikoekin", aipatu du.