Langabezia egoeran zeuden hamar pertsonak parte hartu dute programan. "Lana eta formakuntza uztartzen duen egitasmo honi esker, pertsona hauek titulazio bikoitza lortu ahal izan dute: Akabera zurruneko eta urbanizazioko eragiketa osagarriak ziurtagiria eta Fabrika eta estalkietako igeltserotza ziurtagiria", azaldu du Jaime Bengoak, Tokiko Ekonomia eta Enplegu zinegotziak.
Bengoak "positiboki" baloratu du proiektua, izan ere, hamabi hilabetez teoria eta praktika uztartuz, pertsona horiek bide profesional berri bati ekin ahal izan diote. "Onuradunak pozik ikusi ditugu eta, guk ere, balorazio ezin hobea egiten dugu" adierazi du.
Ikasitako aldagai teorikoak Arrasaten bertan praktikan jartzeko aukera izan dute ikasleek. Besteak beste, honako lan hauek egin dituzte: Biltegi estali baten eraikuntza integrala; Zarugalde-Munar inguruko berrurbanizazio lanak; birgaitze lanak Musakolako kiroldegian, Mojategin eta Iturripen; udal lurzatian eraikuntza-materialen biltegiratzea berrantolatu; eta Santa Teresa-Doneztebe berroneratzeko proiektuari lotutako obrara bisita, berrurbanizazioaren aurreko lanak ikusteko.
Programaren bidez, hamar parte-hartzaileek bi ziurtagiri profesional eta hamar hilabeteko lan esperientzia eskuratu dituzte. "Horrek lan-merkatuan konpetentzia gehiagorekin postulatzea ahalbideratuko die".