Autoentzako behin behineko aparkaleku berriak sortuko ditu Udalak Zalduspen datorren astetik aurrera, "ospitaleko obrek eragindako aparkaleku galera arintzeko". Espazio berri hori Oltan eraikina zegoen lekuan atonduko dute. "2023ko maiatzean bota zuten eraikina eta, ordutik, orubea hutsik dago. Espazioa txukuntzeko lanak hasiko dituzte orain eta, espero dugu, datozen asteetan erabilgarri egotea", nabarmendu dute udal ordezkariek.
Ospitale berrirako obrak datorren astelehenean hasteko asmoa dutela adierazi dute Amenabar enpresa eraikitzaileko arduradunek. Lehen lanak ingurunea atontzeko izango dira, hau da, "lan-eremuak hesitu eta langileen etxolak jarri".
Bi urte eta erdiko lanak izango dira eta hainbat egokitzapen lan egin beharko dituzte. Esaterako, eraikin berria egiteko, gaur egungo errepidea okupatu beharko dute. Ondorioz, errepidea berregokitu beharko dute sartu-irteerak bermatzeko. Horrez gain, Zalduspeko lurzoruan eta Txaeta kaleko espaloi eta aparkalekuetan jarriko dituzte obretarako materialak eta etxolak.