Eguraldi euritsua zegoen kanpoan, eta giro bikaina sortu zen Uarkapen atzo iluntzean. Arrasaten lehen aldiz egin zuten bertso-pilota saioa, eta ikusmina sortu zuen horrek.
Mikel Goñik eta Manex Balerdik osatu zuten bikote urdina, eta Amets Arzallus aritu zen haiek bertsoz animatzen. Bikote gorria, aldiz, Ander Etxanizek eta Jon Erasunek osatu zuten eta Ane Zuazubiskarrek jarri zizkien bertsoak haien jokaldiei.
Mikel Goñik beti erakartzen du jendea pilotalekura, eta atzokoan ere hala izan zen. Festa giroa nagusitu zen harmailetan eta hark egindako jokaldi bakoitza, txarra edo ona izan, txalotua izan zen. Txapak ere buruhauste bat baino gehiago eman zizkion nafarrari, bospasei aldiz jo baitzuen. "Neurria hartu dio hasieratik eta bukaerara arte txapari lotuta jarraitu du. Erakutsi du punteria oso ona daukala oraindik", zioen Amets Arzallusek.
Protagonistak, gustura
Pilotari hendaiarrak aitortu du oso gutxitan egin izan dituela halako saioak. "Duela gutxi Urepelen egin genuen bat. Nahiko desberdina da guretzat. Ez dakizu oso ondo noiz kantatu behar duzun, oso tarte motzak dira eta pilotariek ere ez dute hozterik nahi izaten. Edozelan ere, festa giroa nagusitu da eta arratsalde polita pasa dugu".
Zuazubiskarrek ere ildo beretik jo du. "Haur, gazte zein heldu, oso giro polita sortu da, eta kanturako ere, aproposa. Nik, behintzat, oso ondo pasatu dut".
Manex Balerdi pilotari antzuolarra ere gustura azaldu da egindakoarekin. "Hasieran urduri nengoen, izen handiak zeudelako kantxan, Mikel Goñi, batez ere; edozelan ere, ikusleendako partidu polita jokatu dugu eta bertsolariek ere saio polita egin dute".