Pucciniren heriotzaren mendeurrenari keinua, 'Lirika gaztea' emanaldian

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko urr. 26a, 14:09

Ozenki elkarteak Lirika gaztea emanaldiarekin zabaldu du denboraldi berria. Atzo, ordubete pasatxoko emanaldia eskaini zuten JAMEko auditoriumean euskal lirikako hiru ahots gaztek, tartean Aitor Garitano tenore bergararrak. Ozenki elkarteak abenduaren 18rako iragarri du Arrasateko Amaia antzokiko gala lirikoa.

Estibaliz Arroyo sopranoa, Julen Garcia baritonoa eta Arkaitz Mendoza pianista izan zituen lagun Aitor Garitano tenore bergararrak Ozenki elkarteak atzo egindako Lirika gaztea emanaldian. Eserleku gutxi gelditu ziren hutsik JAMEko auditoriumean, eta ia hogei piezako errepertorioa eskaini zuten musikariek. Didaktikoa ere izan zen emanaldia; izan ere, ikuskizunak keinu egin zion Giacomo Puccini musikagile italiarraren heriotzaren mendeurrenari.

La Boheme, Tosca edo Madame Butterfly operen sortzaileak berak hitz egin zien ikusleei, Ekaitz Gonzalez de Urretxu aktoreak egindako interpretazio lanean. Umoretsu, Puccinik egindako ibilbidearen eta sortutako pieza esanguratsuenen errepaso laburra egin zuten emanaldian.

Opera eta zarzuela nagusiki

Opera pasarteekin osatu zuten egitarauaren tarterik handiena, eta Pucciniren bost obra eskaini zituzten musikariek. Mozarten, Rossiniren, edota Barbieriren obrak ere entzun ziren, ordea, eta zarzuela ere bai; Guridiren El Caserio eta Alonsoren Me llaman la presumida zarzuela obretako piezak, besteak beste.

Aitor Garitanok duen kalitatea erakutsi zuen. Besteak beste, Rossiniren L’Orgia obrako aria bat, Verdiren La Traviata operaren  duo bat eta Soutulo eta Vert-en El ultimo romantico obraren Bella enamorada romanza interpretatu zituen. Francisco Alonsoren Me llaman la presumida zarzuelako habanera ere bikain abestu zuen.

Gala lirikoa abenduaren 18an

Lirika gaztea emanaldiko aurkezpenean jakinarazi zuen Ozenki elkarteko Manu Gallardok Arrasateko urteroko gala lirikoa abenduaren 18an izango dela aurten. Opera 2001 taldearen eskutik etorriko da eta tartean izango da Pucciniren heriotzaren mendeurreneko ekitaldien barruan Italian egin den txapelketako irabazlea: Yeonjoo Park soprano korearra.

Bideoan: Verdiren La Traviata operaren  duo bat Arroyok eta Garitanok interpretatuta.

Erlazionatuak

'Lirika gaztea' emanaldia JAME aretoan

Larraitz Zeberio Lekuona urr 26 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak