Arrasateko Udala, Arrasateko Herri Eskola, Arizmendi Ikastola, Leintz Eskola Kirola, Txatxilipurdi eta San Juan de Dios Ospitalea, elkarlanean dabiltza EKKO (Eskola- Komunitatea-Kirola-Osasuna) esku-hartze komunitarioko proiektua garatzen. Helburuetako bat da komunitatea babes faktore izatea osasunaren sustapenean, eta ulertzen dute osasunaren sustapena eta prebentzioa hezkuntza formaletik haratago landu behar direla.
Hori dela eta, kirol elkarteetako koordinatzaile eta entrenatzaileei zuzenduta, trebakuntza saio bat antolatu du Udalak, osasuna, prebentzioa eta kirolaren inguruan. "Helburua da gazteekin dauden entrenatzaile eta begiraleek eman ahal izatea oinarrizko informazioa eta aholkularitza ongizate emozionalaren inguruan, gazteek balio eta portaera-jarraibide egokiak eskura ditzaten laguntzeko".
Saioa euskaraz izango da, Garaia Osasunerako Sustapena elkarteko Ainhoa Lauzirikaren eta Ixone Akarregiren eskutik. EKKO programako hezitzaileen formatzaileak ere badira.