Denboraldia hasi dute Mugarri Ingou Arrasate eskubaloi taldeko seniorrek. Lau jardunalditan puntu bakarra lortu duten arren, asmo handiak dituzte denboraldi honetarako, eta "oso parekatua" izango den denboraldia aurreikusten uste dute Mugarri Ingou Arrasate taldeko kideek.
Puntu gutxi, baina lan ona
Ane Herrero entrenatzailearen gidaritzapean hasi dute denboraldia senior kategorian ari diren arrasatearrek. Ane Herrero entrenatzaileak adierazi duenez, denboraldiko lehenengo lau partiduen emaitzek ez dute islatzen taldeak egin duen lana eta jokatu dituzten partiduak, baina puntuak batzea beharrezkoa dutela nabarmendu du: "Urnietan jokatu genuen azken jardunaldiko partidua, akaso, ez da gure partidurik onena izan, baina aurreko biak, Eibarren eta Zarautzen aurka, puntu batengatik eta bi punturengatik galdu genituen, azken segundoan galduta. Hala ere, joko aldetik eta taldeak izandako nortasunagatik puntu gehiago izan beharko genituzke. Kirola batzuetan ez da justua, eta txanpona alde batera edo bestera eror daiteke".
Baja garrantzitsuak
Iazko taldetik lau jokalarik utzi dute taldea, eta euren falta sumatzen dela azaldu du Herrerok: "Xabi Lizarralde, Mikel Murillo, Mikel Teran eta Jon Ander Arizaga jokalariek aldageletan eta kantxan asko ematen zuten. Hala ere, taldea ona da, ondo ezagutzen dute elkar, urte askoz jokatu dute elkarrekin… Baja inportanteak dira, baina besteek aukerak dituzte gehiago jokatzeko, eta eurak ere gai dira erronkari aurre egiteko; beraz, taldearekin pozik nago".
Helburua, zehaztuta
Liga amaierarako aurtengo helburua argi du zein den Herrerok: Sailkapenean erditik gora geratzea. "Beste urte batzuetan larri ibili gara, eta lasaitasuna lortu nahiko genuke. Taldearen indargunea da edozein jokalarik laguntzen duela, min egiten duena, eta erasoan zein defentsan talde-lanean elkartuta jokatzean oso talde ona garela esango nuke".
Zaleen babesa ona dela ere nabarmendu du senior kategoriako entrenatzaileak, eta taldearen esku ere badagoela kantxetako harmailak zaletuez betetzea. Hori posible egiteko lanean jarraituko beharko dutela azpimarratu du.