Bizikletentzako 146 aparkaleku gehiago eta bizikletak konpontzeko hiru gune berri

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urr. 22a, 10:13

Bi bizikleta, Ignacio Zuloaga kalean jarri dituzten aparkalekuetan.

Mugikortasun Jasangarrirako Plana sortzeko prozesua aurrera doa eta, bide horretan, ohiko bizikletentzako 138 aparkaleku jarri ditu Udalak, kargako bizikletentzako zortzi aparkalekurekin batera. "73 arku jarri ditugu, hamaika gunetan banatuta", diote udal ordezkariek. Bihar amaituko dituzte lanak.

Mugikortasun Plana sortzeko prozesua oraindik amaitu ez bada ere, planaren "helburu nagusietako bat" bizikletaren erabilpena sustatzea da. "Horregatik, herrian zeuden bizikleta aparkalekuen gabezia azterketa egina geneukan, eta jasota genituen herritarrek egindako hainbat eskaera ere. Horri erantzunez, erabaki dugu 73 arku horien kokapena", adierazi du Udal Gobernuak.

Era berean, adierazi dute, 146 bizikletarentzako aparkaleku horiek jartzea "guztiz bateragarria eta osagarria" dela parte-hartze prozesuarekin, "aurreikusten baita agintaldian zehar bizikletentzako aparkaleku gehiago jartzea".

Honako hauek dira sortu dituzten guneak:

  1. Erguingo eskola.
  2. MU-Gautxori.
  3. San Andres Berri - Cordoba y Oro.
  4. Dr. Bañez kalea.
  5. Juan Arzamendi Musika Eskolaren ondoan, Zerrajera kalean.
  6. 17 emakume kalea - Bedoñabe.
  7. Euskal Herria plaza - Elma.
  8. Seber Altube plaza.
  9. Gernika ibilbidea (Musakolako bigarren igogailuaren inguruan).
  10. Zerkaosteta, Iturbide egoitzaren ondoan.
  11. Ignazio Zuloaga.

Bizikletak konpontzeko hiru gune autogestionatu ere jarriko dituzte, bizikletak konpontzeko ohikoak diren erremintekin hornituta. Horien artean, honako hauek daude:

  • Gurpilentzako puzgailua
  • Bihurkin laua.
  • Philips motako bihurkina.
  • Bi palanka pneumatikoen estalkietarako.
  • Allen motako sei giltza hexagonaleko sorta (2½, 3, 4, 5, 6 eta 8).
  • Giltza ingelesa (sei hazbete 150 mm).
  • 13/15eko giltza laua.
  • 8/10eko giltza laua.

Erreminta horiek bost milimetroko altzairuzko kablearekin lotuta egongo dira, lapurretak ekiditeko, eta barruan sistema erretraktila izango dute, tresnak erabiltzen ez direnean kablea jasotzen dela bermatzeko. Bizikletak konpontzeko hiru guneak honako hauek izango dira:

  • Musakolako kiroldegia.
  • Bedoñabe eskola.
  • Zerrajera kalea, Juan Arzamendi Musika Etxearen ondoan.

Aipaturiko aparkaleku horietako hainbat eremutan zamalanetako bizikletak uzteko tokia gordetzea aurreikusten du Udal Gobernuak, "bizikleta handiagoak baitira". Kokaleku horiek lurrean margotutako piktograma batekin adieraziko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak