Denboraldi lirikoari hasiera emango dion kontzertua antolatu du Ozenki elkarteak eta urriaren 25ean egingo da, JAMEn, 20:00etan hasita. Elkarteak adierazi du kontzertua "elkarrizketa intimo bat" izatea nahi duela, "non musikari esker publikoak ahots berriak deskubritzen dituen"; elkarteko kide Manu Gallardok gehitu du "zirkuitu lirikoan nabarmentzen ari diren artista gazteak" gonbidatu dituztela kontzertura.
Era berean, Ozenki elkarteak aurreratu du kontzertuan "Pucciniren lanak" nabarmenduko direla, "italiar konpositore bikainaren heriotzaren mendeurrena ospatzen baita". Horretarako, "kontzertuan bere obrarik onenak eta ezagunenak" interpretatuko dituzte.
Euskal Herriko harrobia gonbidatuta
Gallardok dio "Euskal Herrian dugun interprete handien belaunaldi berriari balioa" eman nahi diotela. Hala, JAMEko oholtzara igoko direnen artean daude "Estibaliz Arroyo sopranoa, eta Julen Garcia eta Aitor Garitano tenoreak". Eurekin batera igoko dira oholtzara, baina kasu honetan pianoa jotzera, Arkaitz Mendoza eta Ekaitz Gonzalez musikariak.