Iaz moduan, erakusleiho lehiaketarekin abiatuko dute Gaba Baltzaren bueltako egitaraua. Hala, urriaren 21etik azaroaren 1era gauzatuko dute, Ibai-arteko kideen eskutik, eta herritarrek 688 73 41 49 telefono zenbakira idatzita eman ahalko dute botoa, erakusleiho gustukoena aukeratuta. Honako establezimendu hauek hartuko dute parte: Altuna Lurrindegia, Arrasate Optika-Optometria, Bed’s, Elkoro Osagarriak, Ennea, Intersport Loramendi (Garibai), JG, Kapikua, Kids&Us, Kili-Kolo, Milar Elkoro, Portaloi Optika eta Sustrai. Era berean, bozkatzen dutenen artean, 50 euroko lau erosketa-txartel zozkatuko dituzte, Ibai-arteko establezimenduetan kontsumitzeko.
Urriaren 21etik 29ra, halaber, Udal Ludoteketan Gaba Baltzaren inguruko hainbat ekintza egingo dituzte (bazkideak diren haurrentzat). Modu horretan, sukaldaritza tailerraz, eskulan girotuez zein ipuin kontaketez gozatzeko aukera egongo da.
Urriaren 26an eta 27an, Gaztetxokoen eskutik, 12 urtetik gorako nerabeentzako beldur etxea egingo dute tren geltoki zaharreko Gaztelekuan. "Gonbidapenak mugatuak dira eta gaurtik urriaren 25era arte eskuratu ahal izango dira, auzoetako Gaztetxokoetan zein Gaztelekuan".
Urriaren 29an, Amaidolua elkartearen eskutik, Garen guztia bidelaguntzen hitzaldia egingo dute, 18:00etan, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan.
Bestalde, urriaren 31a egun berezia izango dela nabarmendu dute. 18:00etan hasita, Arimen Biltzarra egingo dute Arrasateko kaleak girotuz. "Biteriko plazan hasi eta Monterronera ibilbide bat egingo dugu Ilargitxo eta bere lagun kukumarruekin. Hori horrela, herritarrak animatzen ditugu kukumarroz edota baserritarrez jantzi eta kalera ateratzeko, guztion artean herria alaitu eta jai giroan gozatzera". Eguraldi euritsua eginez gero, Arimen Biltzarra Kulturolako aterpean egingo dutela aurreratu dute.
Eguna borobiltzeko, Ttak taldearen eskutik, DJ Putzu eta DJ Galtzagorri egongo dira gaztetxean 00:00etan hasita. "Herritar guztientzako izango da eta sarrera, doakoa. Gaba Baltza batzordea osatzen dugun kide guztiek, herritarrei gonbita luzatzen diegu egitarauan parte hartu eta ondo pasatzera".