Ping-pong pilota arinak gai astunez hitz egiteko

Hasier Larrea 2024ko urr. 11a, 09:00

Xabi Larrea malabarista bilbotarrak antzerki fisikorako urratsa egin du 'Pin pang' ikuskizun umoretsuarekin. Amaia antzokian aurkeztuko du bihar, hilak 12, 17:00etan. Haurrak dibertitzeko eta helduek gai serioez hausnartzeko moduko showa dela dio

Nola egin ikuskizun mutu, ergel eta umoretsu bat, eta, era berean, naturaren errekurtsoen gehiegizko erabilpenaz edota desberdintasun sozialez jardun? Erronka hori jarri zion bere buruari 2020an Xabi Larreak, kalean malabar eta oreka saioak egitera ohituta zegoela. Bi urte pasa zituen ikerketak eta entseguak egiten, ping-pong pilotekin manipulazio-teknikak lantzen. Bazekielako pilota arin horiek joko handia eman zezaketela. "Ping-pong pilotekin trukoak egiten banuen esperientzia apur bat, kaleko ikuskizun batean erabiltzen nituelako. Elementu horiek erabili gura nituen, sinple-sinple, gauza asko eta zailak azaltzeko, eta prozesua korapilatsua izan da. Baina, azkenean, lortu nuen, laguntzarekin, abiapuntuari forma eman eta ordubete eskaseko saio bat moldatzea", azaldu du.

Bi urte daramatza haren esperimentu propioa, Pin pang, oholtzaz oholtza aurkezten, eta oso pozik dago izan duen harrerarekin: "Ia estreinatzearekin bat Ubeda 2022ko Zirku eta Pailazo Jaialdian ikuskizun onenaren saria jaso nuen. Egia esan, ezagutzen ez nuen zirkuitu baten ateak zabaldu dizkit, aretoak zapaldu gabekoa bainintzen".

LARREAREN HITZETAN, "DESBERDINTASUN SOZIALAK AZALTZEKO OBRA ABSURDOA" DA 'PIN PANG

Magia eta gorputz espresioa

Adin guztietako ikusleei egokitutako saio dibertigarria osatzeko formula topatu du, zirkuko aktore batek behar dituen dohainak finduta: "Imanol Ituño magoak manipulazio-teknikak erakutsi dizkit, eta Gotzon Mujikarekin gorputz dramatika landu dut; hau da, ze energia, ze mugimendu egin, esan nahi genuena garbi adierazteko. Lagun gehiagok ere egin dute ekarpena eszenografian edota asmakizunetan, publikoa giro konkretu batean sartzeko".

Orekatik eztandara

Izan ere, badaude elementu gehiago obran; esaterako, makilekin egindako egiturak. Esanahi sakona dago itxuraz azalekoa den konposaketan: "Pilotak egur-zatien gainean mugitzen dira eta oreka bat mantentzen dute, baina, azkenean, lurrera erortzen dira. Etekin ekonomikoak beste guztiaren gainetik geratzen direla ikusaraztea da asmoa". Efektu bereziak sortzearen zalea izanik, ahalegin handia egin du klimaxean leherketa bat gertatzeko: "Ehun ping-pong pilota inguru irtengo dira airean, euri-jasa bat balitz bezala". Bizimodu-aldaketara derrigortuta gaudela adierazteko metafora bezala ulertu daiteke. Balora dezatela ikusleek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak