Dolu perinatalaren inguruko tabuak apurtu gura dituzte

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urr. 9a, 13:25

Gaur aurkeztu dute ekimena. (Argazkia: Arrasateko Udala).

Arrasateko Berdintasun Sailak, Esku Hutsik elkartearekin batera, Dolu Perinatala Ikusgai ekitaldia aurkeztu du, "dolu perinatala ikusgai egiteko eta gizartearen babesa indartzeko asmoz" egingo dutena. Urriaren 17an izango da hori eta, era berean, elkarretaratzea ere deitu dute hilaren 15erako.

Arrasateko Emakume Txokoak eta Esku Hutsik elkarteak Dolu Perinatala Ikusgai emanaldia aurkeztu dute gaur. "Uste ez dugun arren, gaur egun, lau haurdunalditik bat ez da heltzen amaierara", nabarmendu dute. Hori dela eta, dolu perinatala ikusgai egitea helburu hartuta, Juan Arzamendi Musika Etxeko auditorioan egingo dute emanaldia, urriaren 17an, 19:00etan.

Eider Otxoak, doluan espezializatua den terapeutak, gidatuko du saioa, eta hainbat artistak parte hartuko dute. Modu horretan, Kat Lumen abeslaria, Diana Wondy dantzaria eta Miren Amuriza bertsolaria izango dira, Alaine Agirreren hitzekin lagunduta. "Zalantzarik gabe, artearen bidez hain ikusezina eta mingarria den gai honi buruzko sentsibilizazioa bilatzen da ekimen horretan", adierazi dute antolatzaileek.

Urriaren 15ean, elkarretaratzea

Urriaren 15ean heriotza perinatalaren nazioarteko eguna da, haurdunaldian, erditzean edo bizitzako lehen urtean haurra galtzeak emakumeentzat, haien bikotekideentzat, familientzat eta ingurukoentzat esan nahi duenaz kontzientziatzeko helburuarekin.

Hala, gizartea sentsibilizatzea beharrezkoa dela azpimarratu dute Emakume Txokotik. "Galera mota guztiek behar duten ulermen eta babes handiagoaren inguruan kontzientziatu behar ditugu herritarrak. Kontutan hartu gabe, alde batetik, galera horiek noiz gertatzen diren (haurdunaldiaren lehen asteak, hirugarren hiruhilekoa edo erditu ondoren) eta bestetik, galera horien arrazoiak zeintzuk izan diren (mediku-arrazoiengatik haurdunaldia etetea, umetoki barneko heriotza espontaneoa, erditzean izandako konplikazioak, eta abar)", adierazi dute.

Egun horretan, Esku Hutsik elkarteak hainbat ekimen gauzatuko ditu Euskal Herrian, "dolu perinatalaren gaia gizarteratzeko eta familiei elkartasuna erakusteko". Arrasaten elkarretaratze bat egingo dute, Seber Altuben plazan, elkarteak berak deituta, 20:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak