Kooltur Ostegunekin gozatzeko aukera, hamabosgarrenez

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko urr. 9a, 07:22

Bamms taldea.

Ostegunean, urriaren 10ean, Hernaniko Bamms taldeak estreinatuko du denboraldi berria.

Kooltur Ekintzako kontzertuak ikasturte berria hasteko prest dira. Beti bezala, ostegun gauero, Euskal Herriko zein kanpoko panorama musikaleko taldeak entzuteko aukera egongo da Arrasateko gaztetxeko oholtza gainean.

Aurtengoa Kooltur Ostegunen hamabosgarren aldia izango da eta Bamms taldeak izango du ikasturte berria estreinatzeko ardura datorren eguenean. 2017an Donostia aldean jaiotako boskotea da eta punk-rock doinuak jorratzen dituzte. Lehendabizi, zortzi abestiz osatutako maketa bat grabatu zuten, eta 2021ean kaleratutako Last chance lan luzea da euren orain arteko ibilbidean argitaratu duten lana. Gainera, 2023an, Katapulta Tour Gipuzkoa 2023 programarako hautatutako musika taldea ere izan zen.

Hilabeteko egitaraua

Hilaren 10ean hasiko da Kooltur Ostegunak, Bamms taldearekin, baina dagoeneko hilabete osoan egongo diren kontzertuen berri ere eman dute. Urriaren 17an Kinki Boys Bilbon sortutako hirukotea izango da oholtza gainean; kaleratu duten azken lanak El país de las maravillas izena darama. Astebete geroago, hilaren 24an, Oñatiko Keia taldearen txanda izango da, eta duela gutxi kaleratu berri dute Tiraka nabil abestia; horrez gain, gaur bertan kaleratuko
dute euren lan luze berria: Zamalanak. Rock doinuekin gozaraziko dituzte ikus-entzuleak.

Urria amaitzeko, hilaren 31an Eneritz Furiyak bakarlariak joko du kontzertua. Beti bezala, kontzertuak eguen gauetan izango dira, 22:00etan hasita, gaztetxean, eta sarrerek zazpi euro balioko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak