Aitortza jaso duten kooperatibak 33 izan dira guztira, horietatik hamar gipuzkoarrak eta hiru debagoiendarrak: zerbitzuen sektorean diharduten Ikerlan eta Lagun Aro eta industriagintzako Onnera Group.
"Euskal ekonomiarentzat ondare garrantzitsua duten enpresen balioa" nabarmendu dute gaur, eguena, Bilboko Euskalduna jauregian egindako ekitaldian. Kooperatiben Kontseiluko presidente Patxi Olabarriak "lurraldean erabat errotutako enpresak" direla adierazi du: "Enpresa kooperatibo horiek ez dira deslokalizatzen, beren erabakiguneak hemen baitaude eta eraldaketa sozialarekiko konpromiso argia baitute". Eta gaineratu du aitortza sozial handiagoa beharko luketela: "Kooperatibak aldaketa sozial, ekonomiko eta kulturalerako benetako motorra dira. Mundu honetan, non desberdintasunak gero eta gehiago diren, kooperatibek erakusten digute badagoela aberastasuna modu bidezkoagoan banatzerik, pertsonak beren jardueraren erdigunean jarriz".
Ekitaldian Mikel Torres ere izan da bigarren lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua, baita beste agintari eta kooperatiba eta enpresa munduko beste ordezkari batzuk ere.