Eskapularioa, Maritxu Kajoi eguneko zigilua

Imanol Beloki Unamuno 2024ko urr. 3a, 14:30

Eskapularioak, alde bietatik. Argazkia: Maritxu Kajoi Komisiñua

Maritxu Kajoi Komisiñuak egiten duen lehenengo gauza da eskapularioa. Aldarria zehaztu, eta irudiarekin batera inprimatzera bidaltzen dute Eguzkigraf-era. Arbolapetan eta Monte taberna kanpoan izango dira salmenta-puntuak; prezioa bi euro da

Arrasateko Maritxu Kajoi Egunean garrantzi handia ematen diote askok traje edo soineko ederra jantzita joateari. Batzuk kapelarekin doaz, dotore, beste batzuk gorbatarekin edo tximeleta-begiztarekin; beste batzuk, aldiz, kasualago jantzita. Kuadrilla gehienek bazkaria egiten dute, nahiz eta afaria egitea den antzinako ohitura; bakar batzuek egiten jarraitzen dutena. Goizean goiz ile-apaindegira joaten dira asko, eta beste askok parranda egitea soilik dute helburu, itxurari hainbeste erreparatu barik. Baina bada gauza bat ezinbestekoa izaten dena txikiteroen jai eder horretan, eskapularioa soinean eramatea.

Gizarteari begira, aldarriarekin

Maritxu Kajoi Eguna ospatzen denetik urtero-urtero egin izan dute eskapularioa Maritxu Kajoi Komisiñuko kideek. Horrela, Maritxu Kajoi Egunean dotore-dotore jantzi eta eskapularioa soinean eramateko ohiturak jarraitzen du; debozioz, askoren kasuan. Are gehiago, Maritxu Kajoi Komisiñuak egiten duen lehenengo gauza da lepoan eramango den bereizgarria zehaztea, eta, denboraz, Aretxabaletako Eguzkigraf enpresara inprimatzera bidaltzen dute irudia, urriaren 4a aurretik guztiak prest izateko.

Aurtengo eskapularioak alde bietatik.

Beti izaten du aldarri bat, eta aurten Palestinaren eta Sahararen askatasuna aldarrikatzeko baliatuko dute. Horrekin batera, paparretik zintzilik eramateko, kartoiari sokak edo lokarriak jartzea ezinbestekoa da, eta egunerako soka guztiak prestatzeaz Iñaki Gurrutxaga Harristi arduratzen da; gero, Maritxu Kajoi Komisiñuko kideak domeka batean batzen dira lotzeko; hau da, sokak kartoiari lotzeko.

Salmenta-puntuak

Eguerdiko hamabietan jarriko dituzte salgai, bi eurotan, Arbolapetan; eta arratsaldean, berriz, Arbolapetan eta Monte taberna kanpoan jarriko dituzte, urtero-urtero moduan. Ez dute postua soilik jarriko eta bertan salmenta egiten egoteko tartea hartuko Maritxu Kajoi Komisiñuko kideek; izan ere, azokan egongo balira bezala, bertatik pasatzen den orori ia lepoan jarriko diote eskapularioa.

Maritxu Kajoi eguneko bereizgarria soinean jantzita ateratzea eskatzen dute urtero antolatzaileek, diru-iturri bakarra da-eta, tabernek ematen duten laguntzaz gain, eta, horrenbestez, jai horretara batzen direnei eskapularioa erosteko dei egiten diete. "Karpetoek ez dutela erosten esaten dugu beti broma gisa Komisiñuko kideok; beraz, erosi, eta ez izan karpeto", adierazi dute Maritxu Kajoi Komisiñuko kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak