Hastera doa LF2 mailako ikuskizuna, Iturripen

Xabier Urtzelai 2024ko urr. 4a, 15:00

Ointxe!ko aurkezpen ekitaldiko une bat, duela bi aste.

Mondragon unibertsitateko neskek bihar, zapatua, hasiko dute Errioxako Bosonit Unibasketen kontra liga txapelketa (18:30). kirol zuzendari Iñaki Ogara 'Arri'-k nabarmendu du talde morea prest dagoela kategoria berrirako.

Bihar, zapatua, 18:30ean Gorka Garcia eta Ibai Gaztelu epaileek norgehiagokaren hasiera adierazten dutenean harmailetan batutakoek momentu historikoa bizi izango dute, Arrasatek lehenengoz izango du-eta LF2 kategorian emakumezko talde bat. Hala, Ointxe!-ko kirol zuzendari Iñaki Ogara Arri-ren ustez, taldea gertu dago denboraldi berrirako. "Denboraldiaurre emankorra izan da, taldea non dagoen ikusteko balio izan duena. Bost lagunarteko jokatu ditu taldeak, eta egia da ez dutela partidurik irabazi, baina kontrario gogorrak izateak balio izan du konturatzeko lehiakorrak direla, eta hori garrantzitsua da; izan ere, bost partidu horietako lau goragoko taldeen kontra jokatu dituzte, Challenge kategorian –maila bat gorago– jokatuko duten taldeen kontra. Eta partidu oso parekatuak jokatu dituzte; azken laurdeneko bizpahiru jokalditan erabaki dira norgehiagoka horiek. Bosgarren partidua kategoria bereko Ibaizabalen kontra jokatu zuten, eta orduan ere azkenera arte partidu lehia- tua izan zen. Horrenbestez, taldea prest ikusten dut maila honetarako, nahiz eta egia den taldearen benetako maila Gabonen ostean ikusiko dugula".

Ilusiotik tira egitera

Taldekideek kategoriari neurria Gabonen bueltan hartuko badiote ere, Arri-k garbi dauka orain nondik egin behar duten tira: "Sekulako ilusioa dute, eta gogo horretatik egin behar dute tira. Giro oso ona dago taldean, eta hasieran izaten den indar eta motibazio horretan oinarritu behar dute liga hasiera honetan emaitza positiboak lortzeko, oraingo puntuak ere garrantzitsuak dira eta". Biharko kontrario Bosonit Unibasketen gainean galdetuta, zera dio Arri-k: "Logroñoko talde nagusia da; Errioxako talde nagusia, beraz. Baliabide asko dituen taldea da; iaz kategoria honetan igoera faserako sailkatu ziren, nahiz eta ez ziren mailaz igo. Aurten ere apustu sendoa egin dute, eta jokalari profesionalak eta euren harrobikoak uztartzen dituzte, lehiakorrak izateko. Talde indartsuenetako bat izango da".

Jose Mari Balzategi: "Denboraldi historiko baten atarian gaude"

Ointxe!-ko zuzendaritzak denboraldi hasiera hau nabarmendu du, lehenengoz izango dituelako klub horrek LF2 eta FEB3 kategorietan ordezkari bana. "Herriko eta eskualdeko saskibaloiarendako urte historikoa da, bereziki emakumezkoetan inoiz ez dugulako hemen halakorik izan", dio Jose Mari Balzategik.

Ilusioa pizten du denboraldi berri honek. Zuzendaritzan lanak bikoiztu egingo zitzaizkizuen...

Uste dut bikoiztu hitza motz geratzen dela [Barre], laukoiztu ere egin zaigu lana. Azken batean, Espainiako Federaziotik bideratzen dituzten txapelketak dira hauek, eta Madrildik iristen zaizkigun eskakizunak askotarikoak dira. Izan ere, kategoria profesional gisa hartzen dituzte. Saskibaloi kantxak ezaugarri batzuk izan behar ditu, partiduak FEB telebista katerako grabatu behar ditugu, epaileei dagozkien eskakizunak... Esaterako, etxeko partidu guztietan speaker edo esataria behar dugu. Halako eskakizun mordoa daude, baina, horrekin batera, bazkide kanpaina abian dugu, kanpoan jokatuko ditugun partiduetarako bidaiak prestatu behar ditugu... Lan handia dago atzean, bai.

Bazkide kanpaina aipatu duzu; zer moduz doa?

Ondo, pozik gaude, baina hau hasi baino ez da egin eta jendea animatu nahi dugu denboraldiko abonua egitera. Izan ere, partidu bakoitzeko sarrera 5 eurokoa izango da –20 urtez azpikoek debalde– eta urte osoko gizonezkoen edo emakumezkoen partiduetarako abonua, berriz, 50 eurokoa da. Uste dugu ez dela diru asko denboraldi osoan maila oso politeko saskibaloia ikusteko eta, bide batez, klubari laguntzeko. Eta gizonezkoen eta emakumezkoen partiduak ikusi nahi dituenak aukera izango du 75 euro ordainduta dena ikusteko. 26 partidu inguru dira urte osoan, prezio oso ona da. Ointxe!-ko jokalarien gurasoak bazkide dira jada, eta, oraingoz, beste 80 lagun inguru animatu dira bazkide egitera. Ea kopuru hori hazten doan.

Zer prestatu duzue biharko partidurako?

Goizetik hasi nahi genuen motorrak berotzen, baina egubakoitzean Maritxu Kajoi ere bada eta... Erabaki dugu dena arratsalderako uztea [Barre]. Jai moduko bat antolatu nahi dugu Iturripera datozenekin; 16:00etan saskibaloi eskolako gaztetxoak izango dira protagonista. Jatekoak eta edatekoak egongo dira salgai, DJa izango da arratsaldea girotzen...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak