Borrokatutako puntua Mondrarendako (0-0)

Jone Inuntziaga 2024ko ira. 29a, 10:28

Uzta txikia dela dirudien arren asko borrokatutako puntua batu zuen atzo Mondrak Real Unionen kontra. Epelderen mutilek Real Union sendoa izan zuten aurrean, fisikoki ondo landutakoa. Aloña Mendik galdu egin du Zarautzen, eta zelan (5-0); Bergarako mutilek irabazi egin dute etxean (1-0) eta neskek galdu Touringen kontra (3-2). Hirugarren mailan, berriz, UDAk lehenengo porrota batu du Baskoniaren zelaian (3-2).

Etxean puntu bat. Printzipioz ez da txalo egiteko modukoa. Eta huts eta huts markagailuan, partidu aspergarria, pentsatuko zuen batek baino gehiagok. Bada ez, puntu baliotsua batu zuen Mondrak Real Unionen kontra Mojategin, eta partidu entretenigarria izan zen, ondo lehiatutakoa, nahiz eta bi taldeetako inor ez zen izan kapaz baloia saretara botatzeko. Partidua boladaka joan zen, batzuetan kanpotarrek estutu zuten gehiago, beste batzuetan etxekoek –Mondrako atezain Iturriozek bizpahiru geldiketa on egin zituen–. Bereziki bigarren zati amaieran izan ziren zuri-moreak hobeak, partidua irabazteko kanpotarrek baino apustu sendoagoa egin zuten azken minutu horietan, gehiago arriskatuz, baina ez zuten ate aurrean asmatu. Puntuarekin konformatu behar, horrenbestez.

Aipatzekoa partidu hasieran Mondran 15 urtez jokatu duen –kirol bizitza osoa– Unai Estrellari egin zioten omenaldia. Estrellak futbola uztea erabaki du, eta kapitainaren eta zuzendaritzako ordezkarien eskutik taldearen ekipazio berria, zilarrezko intsignia eta bere elastikoaz koadroa jaso zituen. 

Aretxabaletak lehenengo porrota, atzo

Hirugarren REF kategorian Aretxabaletak 3-2 galdu zuen Baskoniaren zelaian. Atsedenaldirako Baskoniakoak 2-0 ziren aurretik, eta 85. minutuan 3-0 erakusten zuen markagailuak. Azken minutuetan, baina, UDAko ordezkariak Baskoniakoak estutzeko kapaz izan ziren Berasek (3-1), eta Belokik (90. minutuan) egindako 3-2koarekin. 

Ondo Bergara, txarto Aloña Mendi

Bergarak eta Aloña Mendik ere atzo jokatu zuten hirugarren jardunaldiko norgehiagoka. Mahoneroek garaipen ona eskuratu zuten etxean Anaitasunaren kontra (1-0), eta oñatiarrek, berriz, ederki sufritu zuten Zarautzen. Kostaldekoak oñatiarren gainetik pasa ziren (5-0). Ez zen izan, seguruenik, gauean San Migelak behar den moduan ospatzeko modu onena.

Emakumezkoen Ohorezko Erregionalean, berriz,  Bergarakoak esku hutsik etorri ziren Touringen zelaitik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak