"Herrixen egin dauen ta eitten dauen lan danagatik". Hori izan da Maritxu Kajoiko Komisiñuak ARTko lagunak errekonozitzeko erabili duen motiboa, eta horrexegatik jaso dute duela minutu gutxi Urrezko Enbutua. Lehenago, baina, 19:00ak aldera, Portaloian Arrasateko errugbizale denak batu dira taldeen erretratuak egiteko. Ez da lan txikia izan argazkiak egiteko denak antolatzea, baina zorionez, Elorrion entrenamendu saioa zeukaten 18 urtez azpikoak ere iritsi dira hitzordura, horrenbestez, helburua beteta.
Ekitaldi amaieran Ramon Barrutia presidenteak nabarmendu du klubaren helburu nagusia zein den: "Denei kirola egiteko aukera ematea, kasu honetan, errugbian egiteko aukera ematea. Kategoria txikietatik hasi eta helmuga gizonezkoen eta emakumezkoen senior mailako taldeetan dago, baina horrekin batera, hor ditugu talde inklusiboa, amen taldea, beteranoak... Denek dute lekua hemen".
Urrezko Enbutua jaso dute Komisiñuaren partetik
Behin argazkiak eginda, arratsaldeko bigarren hitzordua Portaloitik ehun bat metrora izan dute, Maritxu Kajoiren begiradapean, 20:00ak aldera, Komisiñoko lagunek herritarrei ardoa eta gazte banatzen zien bitartean Irene Dolara kapitainak Urrezko Enbutua jaso du. Senior mailako gizonezkoen taldeko kapitain Jabo-k hitz batzuk esan ditu, eta ondoren, taldeko zenbait ordezkarik herritarrei gazta eta ardoa zerbitzatu diete.
Hala, Barrutiak nabarmendu du ilusio handia egin diela Urrezko Enbutuak. "Herritarren errekonozimendu bat da azken batean, izan ere, gu ez gara kirol jarduerara mugatzen den klub bat, arlo sozialean ere ekarpena egiten saiatzen gara, eta ez herri mailan bakarrik, baita Debagoiena mailan ere".