90 urte beteko dira urrian 1934ko iraultzatik, eta hori gogoan izango du Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak: "Errepublika soziala aldarrikatu zen Arrasaten, eta borrokak oihartzun berezia izan zuen Euskal Herrian eta Deba bailaran. Faxismorantz zihoan Errepublikako gobernu eskuindarraren kontra langileek egindako iraultza izan zen: ondorio politiko handiak izan zituen eta Gerra Zibilaren aurrekari izan zen". Gaur egun ere Europan faxismoa "azkar hasten" dabilela nabarmendu du mugimendu sozialistak, aurpegi berriekin, eta horri erantzun beharra dagoela: "Gure betebeharra da historian zehar faxismoaren kontrako borrokan egon diren esperientzia iraultzaileak ezagutu eta horietatik irakaspen politikoak ateratzea".
Hori dela eta, urteurrena gogoan izanik, alde batetik, 1934ko iraultza Euskal Herrian eta Arrasaten hitzaldia emango du Iosu Chuecak, 1934ko urria Euskal Herrian liburuaren idazleak, urriaren 10ean, 18:00etan, Kulturaten. Bestetik, Celestino Uriarte (Arrasate, 1909-Berlin, 1979) arrasatearrari aipamen "berezia" egingo diote, "Arrasatek izan duen borrokalari komunista eta antifrankista handienetako bat" izan zelako: "1934ko greba iraultzailean ez ezik, Gerra Zibilean, gerrako euskal iheslarien antolaketan edota erresistentzia komunista klandestinoan aritu zen, eta beharrezkotzat jotzen dugu gizarte aske baten alde egin zuen ekarpena gurera ekartzea". Hala, Kamarada dokumentalaren proiekzioa izango da urriaren 18an, 17:30ean, Kulturaten, eta Juan Ramon Garai arrasatearraren, Celestino Uriarte. Klandestinitatea eta erresistentzia liburuaren idazlearen, hitzaldia ondoren.