Gipuzkoako Bertsozale Ekarteak sustatuta, bertso eskolak ematen hasiko dira, beste ikasturte batez, Arrasaten. 18:00etatik 19:00etara bitartean, Sabin Abarrategi irakaslearen gidaritzapean izango dira saioak, eta dagoeneko zabalik dago izen-ematea. Hala, interesa duenak debagoienekobertsoeskolak@gmail.com helbidera idatzi beharko du urriaren 4a baino lehen, izen-abizenak, jaiotza-data eta gurasoen edo arduradunaren kontaktua emanda.
Ikasteko erronkak jarriz
Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik gorako ikasleentzat antolatzen dituzte bertso eskolak. Hala ere, beharraren arabera helduen taldea ere osatzen bada ez dutela aurrera egiteko arazorik izango adierazi dute antolatzaileek. "Taldeak adinka banatzearen alde egin dezakegu, baina baita ikasle kopuruaren arabera edo duten oinarriaren arabera ere. Horrekin batera, saioetan jolasetan oinarritzen gara, baina mailaren arabera ariketa batzuk edo beste batzuk egingo ditugu: nork bere buruari jartzen dion erronkak betearaztea izango da asmoa. Euskararekin eta doinuarekin jolastea oinarri, bat-batekotasuna bilatzen duenak bide hori egin dezake, eta, beste batzuk idatzizko bertsoetan zentratu nahi badute, horretan jarriko gara…", adierazi du Mirari Sagarzazuk, Debagoieneko bertso eskolen koordinatzaileak.
Astean ordubeteko saioak izango diren arren, bertso eskolako kideek nahi badute urtean zehar ekintza osagarriak izango dituztela ere adierazi du Sagarzazuk; Gelatik Plazara lehiaketa, adibidez.