Ikerlanek freno-pedalerako sentsore bat garatu du Volvorendako

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko ira. 26a, 11:45

Ikerlanek eta Batz kooperatibak Volvorentzat garatutako freno-pedala. Irudia: Ikerlan.

Batz kooperatibarekin aritu da elkarlanean lau urtez, eta ordezkariek azaldu dutenez, besteak beste, sistemaren iraunkortasunean eta digitalizazioan jarri behar izan dute arreta.

Ikerlanek freno-pedalerako sentsore bat garatu du Volvorendako, "sendotasuna eta fidagarritasuna emango dituena" ibilgailuetan, eta, horretarako, Bizkaiko Batz kooperatiba izan du bidelagun, elkarrekin garatu baitute. "Automobilgintzaren sektoreko munduko liderretako batentzat egindako transferentzia teknologikoko proiektu horri esker, bi euskal enpresek jauzi kualitatiboa egin ahal izango dute automobilgintzaren sektorean, eta automobilgintzaren nazioarteko merkatuan duten posizioa indartu ahal izango dute, sistema elektroniko fidagarrien hornitzailetzat".

Bi konpainiak, hain justu, lau urtez aritu dira elkarlanean pedalarentzako osagai gehigarriak garatzen, "gidariaren balaztatze-eskaerari buruzko informazioa modu zehatz eta seguruan transmititzen duten sentsoreez hornituta", eta adierazi dute "kalitate- eta segurtasun-estandar zorrotzak gainditu" dituztela: "Fabrikatzaile suediarrak eskakizun espezifiko oso zorrotzak ezarri baitzituen proiekturako hainbat mailatan –sendotasuna integrazioa eta kontsumoa–, sektorean indarrean dauden araudien osagarri".

Iraunkortasuna eta egokitzea

Iosu Gabilondo Ikerlaneko Adimen Banatu eta Konektatuaren arloko arduradunaren hitzetan, "sistemaren iraunkortasuna bermatu behar" izan dute, ibilgailu baten 15 edo 20 urteko bizi-zikloan martxan egoteko gai izan dadin. "Beste erronketako bat izan da garapen berria integratzea Volvo ibilgailuetan txertatutako gainerako sistema elektroniko eta mekanikoekin, sistema magnetiko bat egokituz eta haren sendotasuna eta immunitatea ziurtatuz. Gainera, Suediako konpainia oso zorrotza izan zen Batzek eta Ikerlanek garatutako sistemaren elektronikako kontsumo-baldintzak ezarri zituenean, enpresak markatutako kalitate-estandar altuez gain".

Horrez gain, bi konpainiek nabarmendu dute ibilgailuen "digitalizazioa eta automatizazioa gero eta handiagoa" dela, eta horrek "elementu mekanikoak pixkanaka elementu elektronikoekin ordeztea" dakarrela: "Tradizionalki, ibilgailu baten pedalek logika mekanikoei erantzun izan diete. Materialetan eta segurtasun-baldintzetan hainbat bilakaera izan dituzte, eta, une honetan, autoaren gainerako sistemekiko konektibitatearen erronkari aurre egin behar diogu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak