Ohiko bermut politikoarekin hasi dute Aurrera Bolie eguna, eta Sortuko Kizkitza Gil de San Vicente, LABeko Iratxe Delgado eta Ernai gazte antolakundeko June Iartza izan dira Irati Topalekuan. Ordu berean, gaztetxoek ere izan dute nola gozatu; izan ere, jolasgunea izan dute Biteri plazan. Bermut politikoaren ostean urteroko bazkaria izan dute bertaratuek. Kulturolako arkupean egin dute paella eta sahieski jana, eta Aiert Alberdi oñatiarra arduratu da bazkalostea girotzeaz.
Aurrera Bolie Eguneko elkartasun argazkia. Argazkia: Aurrera Bolie Eguna
Urteroko egitarauari eutsiz, Alberdiren emanaldiaren ostean atera dute elkartasun argazkia Ibaitik itsasora Palestina askatu!, eta hortik Irati Topalekura jo dute Antton Telleria umoregilearen bakarrizketa entzuteko.
Gauean kontzertuak
Egunari amaiera emateko, kontzertuak egongo dira gaztetxean, 22:00etan hasita.Maniaks eta Nick Linbött talde arrasatearrek igoko dira oholtza gainera euren lehen lanak aurkeztera. Haien ostean, DJ Bad Sound Sister izango da.
Aurrera Bolie eguneko egitaraua hilaren 25ean amaituko da; izan ere, Intxorta Kultur Elkartearekin elkarlanean, Mikel Etxabururen Manttalingo alaba poema liburuan oinarritutako emanaldi musikatua egingo dute Juan Arzamendi Musika Etxean, 19:00etan hasita.