Emakume Txokoak martxan du ikasturte berria. Hainbat emakume sortzaile oholtza gainera ekarri ditu irekiera ekitaldian. Eguraldi iragarpena tarteko, Monterronen egitekoa zen kontzertua Amaia antzokian izan zen azkenean.
Arrasateko hiru musikari gaztek eman zioten hasiera kontzertuari. Hiruna kantu eskaini zituzten Anixek, Claudia Diazek eta Izadi Zumaldek. Hiruren artean ia 40 minutuko saioa egin zuten. Urduri, pozik, hunkituta... Denek eskertu zuten emanaldian parte hartzeko emandako aukera. Ahots eta estilo oso desberdinak dituzte, eta kolorea eman zion horrek emanaldiari. Publiko gazte asko erakarri zuten, eta animo oihuak eta konplizitate txalo zaparrada ugari entzun ziren aretoan hiruren saioetan.
Anari bere betiko estiloan
Balore segurua da Anari. Urteak daramatza kantugintzan, ibilbide luzea du eta Giza zarata disko berria ez da atzean gelditzen. Anarik badaki nor den, zertan dabilen eta zeintzuk diren sumintzen duten gaiak. Horietako asko daude jasota Giza zarata diskoan, betiere hain berea duen poesiaz jantzita. Troiako zaldia kantuarekin zabaldu zuen emanaldia, eta ordu eta erdiko emanaldian "aurreikusitako sute handi baten trilogia", "barruan hazten diren oreinak", "ez hartzea erabakitzen diren erabakiak", eta "intimitateko bunkerretako gauza txikiak" izan zituen gogoetarako gai.
Aurreko asteetako feminizidioak eta Frantziako Pelicot kasua ere gogoan izan zituen. "Batzuetan gizonei sua emateko gogoa sartzen zaizu", esan zuen letra hori daraman kantuari ekin aurretik.
Vesna Vulovic guztiendako keinua ere izan zuen. "Emakumea da munduko ostia handiena hartu eta bizirik jarraitzen duena. Gora Vesna Vulocic guztiak!", esan zuen Vesna Vulovic kantuaren aurkezpenean.
Emakume Txokoko kantu taldearekin egin zuen azken abestia Anarik. Vinu, cantares y amor kantua eskaini zuten denek batera publikoaren parte hartzearekin.