Eneritz Urrutia: "Ez dago sekreturik: lana, lana eta lana"

Xabier Urtzelai 2024ko ira. 20a, 19:00

Eneritz Urrutia, joan den zapatuan BIlbon; helmugan lehena izan zen. Argazkia: Felix Sanchez.

Arrasatekoak nabarmentzeko moduko denboraldia darama, eta joan den asteburuan jarri zion pastelari ginga, Bilboko eta Getxoko triatloiak jarraian irabazita.

Eneritz Urrutia (Arrasate, 1990) sekulako denboraldia egiten dabil. Hondarribian, Mutrikun eta Medina de Riosen (Valladolid) irabazteaz batera, asteburuan dobletea egin du distantzia olinpikoan lehiatu dituen Bilboko eta Getxoko triatloietan. Ez du denboraldia amaitu, asteburuan Zumaian ere aurrean ibili nahi du eta.

Zapatuan Bilbon irabaztearekin konformatu ez, eta domekan Getxon ere urrea poltsikora.

Bai; sekulako asteburua izan da. Egia da denboraldiko helburuetako bat izan direla lasterketa horiek, eta oso pozik geratu naiz, bai.

Bi triatloi jarraian... Ziklista gisa, akaso, izango zenituen halako asteburuak, baina...

Ezberdina da, bai. Zapatuan, Bilbon, igeriketako tartearen ostean bizikletan atzetik aurrerako bidea egitea egokitu zitzaidan, uretatik laugarren edo bosgarren irten nintzen, baina tira, betiko kontua da, nire indargunea bizikletan dago eta. Bizikletako tartean 20. kilometrorako bigarren nindoan, eta korrika hasi eta hirugarren kilometroan Virginia Berasategi gainditu ahal izan nuen. Hala, azken kilometroetan abantaila neukala ikusita erritmoa jaitsi ahal izan nuen, hurrengo egunean zetorkidana jakinda.

Getxon igarriko zenuen, bada, bezperako esfortzua...

Ez izan zalantzarik! Hori ere entrenatu egiten da; alegia, gorputza giharretako nekearekin ibiltzera ohitzea, baina bai, bereziki bizikleta gainean jarri nintzenean... Hura hanketako mina!

Urteko lorpen garrantzitsuetako bat izan da?

Ederra izan da, zalantza barik, baina urtean zehar beste momentu polit batzuk ere izan ditut. Lasterketa horiek distantzia olinpikokoak izan dira, baina Iruñean, esaterako, half distantzian Espainiako Txapelketa jokatu nuen eta hamar onenen artean sailkatu nintzen [9.a izan zen]. Helene Alberdiren atzetik bigarren euskalduna izatea... Gauza handia izan zen niretako; onenekin batera borrokatu zarela ikustea. Bai, hura ere momentu ederra izan zen. Baina Zarautzen eta Fromistan ere half distantzian hamar onenen artean ibili ahal izan nintzen, eta haiek ere lasterketa oso politak izan ziren.

Halako opor itzulera egiteko, abuztua gora begira egon ez zaren seinale...

Ez; hain justu, hondartzan eguzki gutxi hartu dut [Barre]. Tira, halako emaitzen atzean ez dago sekreturik: lana, lana eta lana. Egia da iaz nutrizionista eta entrenatzailea aldatu nituela; Aikekoekin nabil lanean, eta sumatzen dut aurrerapausoa eman dudala. Bikotekidea bera txirrindularia dut, eta haren egutegiaren arabera antolatu ditugu oporrak. Ekainean Andorran izan ginen garaieran entrenatzen, eta horixe... abuztuan hondartza gutxi zapaldu dugula. Gutxi ez, batere ez [Barre]. Goizetan entrenatu eta arratsaldeetan atseden hartu; kirolari profesional baten bizimodua izan dut.

Ze distantziatan moldatzen zara ondoen? Izan ere, arnas luzeko kirolaria izanda...

Ezaugarri fisikoei dagokienez, half distantzian hobeto moldatzen naiz, distantzia luzeagoetan, baina egia da mentalki olinpikoan gutxiago sufritzen dudala; lasterketak eramangarriagoak egiten zaizkit, nahiz eta erritmoa altuagoa den.

Hau ez da amaitu: asteburuan Zumaiako triatloia duzue.

Bai; iaz bigarren izan nintzen eta arantzatxoa geratu zitzaidan. Baina igeriketako tartean ibili beharko dut ondo, bizikletan gero tarte txikia dago-eta atzetik aurrera egiteko: hogei kilometro baino ez.

Eta ondoren?

Korrikako denboraldiari ekingo diot; besteak beste, Behobia-Donostiara begira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak