Xuban Epelde: "Erronka berrien bila etorri naiz Arrasatera"

Xabier Urtzelai 2024ko ira. 20a, 12:17

Mondrako entrenatzaile Xuban Epelde.

Azkoitiko areto futboleko taldean hasita, Anaitasunako harrobiko zenbait kategoriatan gero, Soraluzen, Bergaran... Xuban Epeldek (Azkoitia, 1982) bi hamarkada pasa daramatza entrenatzaile. Uztailean Mondrako presidenteak Ohorezko Erregional Mailako taldearen ardura hartzeko deitu zionean ez zuen birritan pentsatu, erronka berrietarako gogoz zegoen eta. 

Zelan hartu zenuen Mondratik egin zizuten deia?

Xabik [Etxeberria] deitu zidanean segituan iritsi ginen adostasun batera. Ikusten nuen Anaitasunan etapa bat amaituta neukala. Egia esaten badizut, azken bost urteotan harrobiko taldeetan lanean ibili eta gero ikusten nuen Azkoitiko lehenengo taldea hartzeko gertu nengoela, baina ez zen aukerarik izan eta segituan jaso nuen Arrasatetik deia. Halako erronka bat behar nuen.

Eta zer aurkitu duzu Arrasaten?

Iaztik ondo ezagutzen nuen taldea, Anaitasunako bigarren taldearekin lehiatu zirelako, eta banekien zerekin egin behar nuen topo. Iaztik hona bizpahiru jokalarik taldea utzi dute, Azkoititik beste hiru jokalari ekarri ahal izan ditut eta Mikel Aizpurua ere Arrasatera bueltatu da jokatzera. Maila horretan lehiakorrak izateko moduko taldea dugula erakutsi behar dugu. Bestalde, egia da aste hauetan Mojategiko obrek endredo batzuk sortu dizkigutela, baina ea segituan konpontzen ditugun eta normaltasunez antolatzen ditugun entrenamendu saioak. Hala ere, bai, oso positiboak izan dira hasierako aste hauek, pozik nago.

Pena lehenengo jardunaldiko emaitzak ez duela lagundu.

Bai, pena izan da Oiartzunen kontra galdu izana. Gainera, jokalariei nabarmendu izan diet ondo hastea garrantzitsua dela ondoren konfiantza hartu eta urtea sailkapenaren erdialdetik gora egin ahal izateko; bereziki, beheko kategoria batetik bazatoz. Baina zapatuko porrotak ez nau arduratzen. Oiartzun egindako talde bat da, talde gogor bat, bizpahiru urte daramate entrenatzaile berberarekin eta ondo landutako taldea da, iruditzen zait aurten aurrean ibiliko direla. Eta euren kontra lehiakorrak izan ginen, partidu serioa egin genuen. 82. minutuan, falta batean akats bat egin genuen eta horregatik galdu genuen, baina berdegunean ikusitakoarekin pozik geratu nintzen, taldeak konfiantza eman zidan. Bagenekien ze joko estilorekin etorriko ziren Oiartzungoak, eta, nahiz eta emaitzak lagundu ez, gustura ibili ginen euren kontra lehian.

Pena diot, denboraldiaurrean oso emaitza onak batu dituzuelako...

Bai, baina halakoak ere gertatzen dira. Gerta daiteke, baita ere, emaitza txarrak batzea baina taldearen jokoan eboluzio bat ikustea. Uztailean jokalariekin batu ginenean komentatu genien ze joko ideia geneukan, eta taldea ondo dabil hori barneratzen. Lehenengo emaitza ez da ona izan, baina detaile batek erabaki zuen partidua; jokalariak lan ona egiten ari dira, etorriko dira emaitzak.

Oraingo asteburuan Elgoibarren zelaian jokatuko duzue.

Beste talde gogor bat da hori, eta Elgoibarkoak ere gure antzera daude; aurten entrenatzaile berria dute eta egokitzapen fasean egongo dira eurak ere. Ondo ezagutzen dut euren entrenatzailea, kuadrillakoa dut eta [Barre].

Partidu berezia, horrenbestez. Jokalariak motibatuta, eta entrenatzailea motibatuago. Bereziki galtzen duenak entzun egin beharko duelako gero...

Gainera, kuadrillako lagunak ere etorriko dira partidua ikustera. Katxondeo apur bat izango dugu, seguru.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak