Eider Mendozak eta Arrasateko alkate Maider Morrasek hartu dute hitza ekitaldian eta biek azpimarratu dute gerrako umeek bizi izan zituztenak gogora ekartzeko beharra, baita eskerrak eman ere Intxorta 1937 Kultur Elkartekoei eta ekimenean bidelagun izan dituztenei egin duten lanagatik. Mendozak eta Morrasek gogoan izan dituzte baita ere gaur egun munduan zehar dauden gatazka belikoak pairatzen dituztenak ere.
Areto nagusian izan den inaugurazioaren tarteari Joseba Sarrionandiak eta Ines Osinagak eman diote amaiera, gerrako umeen esperientziak jasota idatzi dituzten bi abesti kantatuaz.
Seber Altube plazan jarraitu du ekitaldiak Arrasateko eta bailarako hainbat kultur talderen parte-hartzearekin eta arratsaldea Kulturateko klaustroan borobildu dute erakusketa bisitatuz. Josu Txueka historialariak osatutako katalogoa laburtzen duten panelek eta Judith Martinez Estradak sortu duen instalazio artistikoak osatzen dute erakusketa, eta biek hartu dute hitza euren ekarpena azaltzeko.