Elkano kaleko 1 atartean dagoen lokala erosi du Arrasateko Udalak, 85.000 eurotan, eta notariotzan sinatu zuten atzo lokalaren eskualdatzea, Maider Morras alkateak eta, Donostiako Elizbarrutiaren izenean, Luzia Alberro idazkari nagusiak.
Hala, eta urtebeteko negoziaketen ondoren, Musakolak gazteentzako gune berria izango du. "Lokalaren egokitasuna ikusita, elizako ondasunen administrari Fernando Laspiur arrasatearrarekin jarri ginen harremanetan, eta bere bitartekari lanari esker lortu dugu akordioa. Prozesua, orokorrean, eta Elizarekin harremana, bereziki, ona izan da. Gure aldetik eskerrak ematea Laspiurri eta Horazio Argate parrokoari. Izan ere, Musakolarentzat ez ezik, arrasatear guztiontzat ere onuragarria izango baita gazteek izango duten espazio berri hau", adierazi du alkateak.
Oraindik, hala ere, egokitzapen lanak egin beharko ditu Udalak. Horiek egiteko proiektua dagoeneko idatzita dago, eta datozen hilabeteetan aterako da lehiaketara. "Gazteei egokitutako espazio zabala izango da, haien beharrei erantzungo dien Gaztetxokoa. Konpromiso hau agintaldi hasieran hartu genuen, eta gazteriarentzako politikak aktibatzeko konpromisoarekin jarraitzen dugu", gaineratu du Morrasek.