Barrutik elkartea aurkeztuko dute hilaren 24an, datorren martitzenean, Arrasateko Kulturateko Loramendi aretoan, sustatzaileen hitzetan, "barnekotasunaren mundura bidaia polit eta emankor bat" egiteko asmoz. "Irteera barrurantz doala esatea gustatzen zaigu. Psikologiaren, filosofiaren, neurozientziaren edo giza jakituriaren edozein tradiziotan bat datoz esatean modu iraunkorrean bizitzeko bidea barrurantz begiratzea dela, elkar ezagutzea, mundu mentala, emozionala eta sakona kudeatzen ikastea. Hori edozeinen eskuetan dago, eta bere eraginkortasuna frogatuta dago".
Hori erdiesteko, bada, Barnekotasunari bidea eman tailerraren berri emango dute aurkezpenean. "Testuinguru segurua eskaintzen da; hau da, entzule moduan, esperientzia bizitzeko gonbidapena jasoko dugu, ez duzu hitz egin behar". Haien esanetan, dinamikari dagokionez, aulki batean eseri, edukia entzun eta praktika batzuk egitean datza tailerra, isilean, hiru arlo landu ahala: mentala, emozionala eta esentziala. "Horren ondorioz, jakingo duzu zuri pasatzen zaizuna mundu guztiari gertatzen zaiola, ikasiko duzu zergatik den eta zer egin dezakezun, eta zure bizitzaz gehiago gozatzen lagunduko dizkizuten edukiak eta tresnak erabiliko dituzu, hobetu ulertuz zure burua".
Tailerraren xehetasunak
Barnekotasunari bidea eman tailerrari dagokionez, Barrutik elkarteko partaideen asmoa da bi astean behin elkartzea –eguaztenean, Kulturaten, 18:30etik 20:00era–, eta sei saio egitea: urriaren 9an eta 23an, azaroaren 6an eta 20an, eta abenduaren 4an eta 18an. Izen emateari dagokionez, formulario hau bete daiteke, eta informazio gehiago nahi izanez gero, helbide elektroniko bat dago eskuragarri: barrutikelkarteadebabailara@gmail.com.