Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen saioa jokatu zen atzo arratsaldez Urretxuko Labeaga aretoan, Ane Zuazubiskar tartean zela. Arrasatearrak bosgarren tokian amaitu zuen saioa 444,5 punturekin, baina atzoko saioak ahozapore gazi-gozoarekin utzi zuen Zuazubiskar: "Atzo ikasi nuen egin litekeela bertso-eskolarik txarrenean baino okerrago bertsotan. Hasieratik sumatu nuen trakets nenbilela, eta eustea izan zen nire helburua saioan zehar. Ale onak ere joan ziren, baina zigortzeko moduko akats dezente egin nituen".
Andoni Rekondo izan zen saioko irabazlea 496,5 punturekin, eta, era berean, zuzenean sailkatu zen final-laurdenetarako. Honakoa izan zen sailkapena amaieran: Andoni Rekondo (496,5), Unai Mendizabal (489,5), Jon Gurrutxaga (451,5), MIkel Iturriotz (450,5), Ane Zuzazubiskar (444,5) eta Antton Aizpurua (428,5).
Orain, gainontzeko sei saioak falta dira jokatzeko hemendik eta urriaren 5era bitartean. Orduan jakingo du Ane Zuazubiskarrek final-laurdenetan egongo den edo ez.