Arrasateko EAJk kirol azpiegiturak berritzeko plangintza bat adostea proposatu dio Gobernuari

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko ira. 13a, 16:55

Mojategi. (Argazkia: EAJ).

Kirol instalakuntzen hobekuntzetarako "kronograma argi baten beharra" dagoela uste dute jeltzaleek, erabiltzaile eta klubentzako "ahalik eta eragozpen txikienak" sortzeko.

Arrasateko EAJ-PNVren ustez, plangintza faltak atzerapenak ekarri ditu. "Esaterako, barruko igerilekua ezin izango da garaiz ireki obren atzerapena dela eta. Horrez gain, atletismoko pista berritze lanak ere atzerapen handiekin doaz, klub eta erabiltzaileentzako arazoak sortuz".

Hala, "erabiltzaileak eta klubak erdigunean jartzea" eskatu diote Udal Gobernuari, hobekuntzak behar bezala planifikatzeko eta obrek kirol jardunarekin bat ez egiteko. "Adibide onenak joan den legealdiko atletismo pistaren eta errugbi zelaiaren aldaketak dira, ez baitziren batera egin klubek beren instalakuntzetatik kanpo ahalik eta denbora gutxien pasa zezaten".

Horregatik, plangintza bat egiteko eskua luzatu diote Udal Gobernuari, "obrak noiz esleitu, noiz egin eta instalakuntzak noiz egongo diren erabilgarri argi eta garbi ezartzeko, klubak eta erabiltzaileak erdigunean jarriz". Era berean, nabarmendu dute "prestutasun osoa" dutela kirol batzordean lanketa hori "seriotasunez egiteko eta plangintza bat ezartzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak